Horrela esaten diegu gure eskualdean umetxoei. Etxe bakoitzeko gazteena bizitza guztirako «seine» izenarekin lotzen da sarri. Era berean, «seine» maiteari esateko modua ere bada, baita ezezagunari ere, gu baino gazteagoa bada, eta «seina batu» esaten zaio haurdun gelditzeari. Antzinako akitaniarrek «seni» aldaeran erabiltzen zuten berba zahar honen gainean galdezka nenbilela bota zidan 88 urteko adiskideak: «Predi, itxi sein berbaren ganean itauntzeari eta hartu egizu astia ezkondu eta seinak ekarteko». Grabagailua bera bakarrik amatatu zen.
Adin batera helduta, eta atzo 30 egin nituen, badirudi derrigorra dela umeak ekartzea. Abertzaleek gehiengoa izateko gura dituzte, urte asko daramatzaten bikoteek maitasuna eta kariñoa bereizi ezinaren krisi etengabetik irteteko, urte gutxi daramatenek bikotekidea galtzeko beldurraren aurkako aseguru legez. Neska kuadrilletan domino efektua izaten da eta lehenengoak umea dakarrenean gainerakoen mutil-lagunek erlojuz kontrako frogarako kaskoak janzten dituzte. Jaio, ikasi, bikotekidea, lana, etxea, umea, autokarabana... Aldizkari amerikar baten irakurri nuen zenbat eta zaletasun gutxiago, barne mundu txikiagoa izan pertsonak, hainbat eta goizago dakartzala umeak.
Ikuspegi arrazionaletik begiratuta, ez dut aurkitu umeak izateko arrazoi bakar bat ere. Are gutxiago eurek hezteko astirik ez eta euren heziketa ikasketarik laburrenak eta oporrik luzeenak dituen sektorearen esku uzten dituen gizartean. Gizakiak dauzkan arazorik larrienak bere neurrigabeko kopuruak eraginak dira. Hogeigarren mendean zehar hirukoiztu egin gara. Plaga izugarri bat gara, eta gure kopurua mantentzeko, gure planetak ehunka urtetan ekoitzitakoa kontsumitzen dugu urtero. Hondamendi ekologikora heltzeko biderik laburrena umeak erritmo honetan izaten jarraitzea da. Gizarteak zenbat eta garatuagoak izan hainbat eta ume gutxiago dituzte. Eta gure kulturari iraunarazteak ez dauka zerikusirik gure abizenei iraunaraztearekin.
Larrepetit
Seinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu