Bila aritu arren, ez dut ikusi prentsan Guns N' Roses-tarrek San Mames Barrian aste honetan emandako kontzertuaren irudi bat, tartean mugikorra buruz gora eusten ari den ikuslerik ez duena. Garai hori gara. Walter Benjamini, atrebentzia osoz, bere burua birziklatzeko gaitasun erraldoia opa diot; gure aro honetan berpiztuko balitz, alditxartuko bailitzateke guztiz. XX. mendearen hastapenetan artearen erreprodukzio teknikoari buruz idatzitako saiakera hari buruz ari naiz: artelanaren balioa bere balio erritualarekin identifikatu zuen Benjaminek. Erreprodukzio teknikoak (nagusiki, argazkigintzak, garai hartan) artelana bizitzeko modu errepikaezina deuseztatzen zuen, azkar eta gaizki esanda. Ai, burua altxatuko balu.
Axel Rose eta konpainiaren kontzertuak artelanetik zerbait izango du, noski (produktu kulturaletik gehiago, agian). Kontua da aspaldi samarreko sintoma baieztatzeko balio duela: kultura ezin dela bizi, kultura bizitzen ari zarela grafikoki jaso gabe. Uneak, errituak baino gehiago balio duela unearen sozializazioak. «Kontzertuan egon zinen?». «Bai». «Eta non dago argazkia?». «Ezin izan nuen atera, aurrean nituen mugikor guztien erruz ezin izan nuen ezer ikusi». Txistea dirudi, egia izan daiteke.
Epilogoa: ifrentzuko kasua ere badago. Goazen 2010era: Slash-ek kontzertua Azkena Rock-en, Gasteizen. Kontzertuaren aurretik, elkarrizketa garrantzitsu bat du hitzartua AEBetako hedabide batekin, zuzenean. Irrati bidezko konexio berezi bat behar du horretarako. Inon ez du aurkitzen. Itxaron: Hala Bedi irratian badago. Goiz-pasa egin zuen Slash-ek bertan. Eta, smartphone-ak hain ohikoak ez ziren garai hartan, inori ez zitzaion argazki bat ateratzerik okurritu. Eta, gaur egun, jendeari kosta egiten zaio sinestea Slash Hala Bedi irratian egon zela, eta eskainitako kafearen truke «Nice coffe, guys» esan zuela.
LARREPETIT
Slash Hala Bedin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu