Larrepetit

Tejeroren oscarra

2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Francok erabat gaitzetsi zuen Grezian monarkiaren gainean egindako erreferenduma. Logikoa denez, sano jende gutxik bozkatu zuen koroadunen alde.

Hitlerren bertsio espainiarraren esanetan, Espainian halakorik eginez gero greziarren erdira ere ez ziren helduko baiezkoen botoak. Gauza jakina baita edozein gizajo legokeela monarkiaren alde. Baldintza batekin, erregea bera izatea.

Europan homologagarriak ziren hauteskunde eta konstituzio hitzek bidea zabaldu zuten ideologikoki zikiratutako espainiar gizartean. Baina estatuburu-armadaburu-caudilloaren oinordeko Borboia ez zen sustraitzen hilobi komunez beteriko zezen larruan. Amerikar film eskasetan legez, protagonistak bere maitea arriskutik salbatzen zuela antzeztu behar zuen, bihotz, edo sabel, desiratua konkistatzeko. Hollywoodeko kanonek agintzen duten gisan, protagonistaren adiskide jatorrak lagundu zion antzerkia prestatzen. Gaizkile arriskutsuarena egingo zuen eta bere lagun kokoloa heroi maitatua izango zen. Hori bai, Sam Osabak, Tejero baino, Garaikoetxearen antza handiagoa leukakeen inor bidaliko zukeen. Baina, gizaki txiker, motz, labur eta bibotedunen lidergo karismatikoa espainiarren ezaugarri maitagarria da mundu osoko dirudunentzat.

Superprodukzio ikusgarria izan zen: tankeak, tiroak, Madrilgo Kongresua, komunikabide guztiak zinkronizatuta, zuzeneko irudiak… Ziurrenik, espainiar antzerki filmatuaren historian, arrakasta handienekoa. Bertsolariak hogeita lau orduz isildu ziren suspensearen indarrez. Urte erdi lehenago hildako Alfred Hitchcock-ek ere, Txoriak-en parodiatzat hartu zuen pikoletoen uniformeen aerodinamikotasun mitikoa. Eta amaitzeko, protagonistaren ordu erdiko lehen plano gehi diskurtso hunkigarria. Soilik guztia lapurtuko dizutela esatea hunkigarria baita, berriz bortxatuko zintuztela sinetsarazi ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.