Posible da hau guztia niretzat prestaturik egotea? Rolen bat antzeztu behar dudala esan nahi du? Zer obra klase da hau? Espero dezagun tragedia bat ez izatea», dio narratzaileak Socuroven El arca rusa pelikulan, Hermitage museoa osatzen duten jauregietan zehar Europara hurbiltzen duten Errusiaren historiaren pintzelkadak emateko.
Perfiles liburuan, hemeretzigarrenarenaren aroma astindu gabe zuen hogeigarren mende hasierako kulturaren mundilloa bultzatzen zutenei Djuna Barnesek eginiko elkarrizketa bidez, unearen argazkia eskaintzen da, Estatu Batuetakoa, Europaren beso puztuarena. Pertsonaietarik batzuk ez ditut ezagutzen, baina denen hitzetan dago nire gaur eguna, ezagunak egiten zaizkit ezagutu gabe, Oscar Wilderi irakurri dizkiodalako, Toulouse Lautreci ikusi, Fred eta Gingerrek dantzatu zituztelako. Ordea, idazleek beraiek ere, beren izenak gogoratzea nahi lukete, berezi sentitzen direlako, narrazioa beraiek direla sinetsirik, beraiek gabe mendebaldea ez litzateke dena, baina dagoeneko ez dago hainbeste izenentzat lekurik, letretako lizentziaturak, graduak orain, ezin dira hainbeste luzatu.
Pelikulan agertzen diren gehienak ezagunak nituen, museoan zehar agertzen direnak testuliburuetan daudelako; tsar eta tsarinak, pintoreak, boltxebikeak, filmean beren rolaren jakitun, narrazioan onartuak izan izanaren autoritatez.
«Rolen bat bete behar dudala esan nahi du?», guri tarte laburragoa tokatuko zaigu gure garaikideak testuliburuetan sartzeko —nahiz orain arte euskal gehienak kabitu diren gure posteritatetxoan, testuliburuetan alegia—. Argiago dugu hau zer obra klase den, eta bai, tragedia baten antz handia du. Ez dakigu denbora librea arintzen digun kultura mendebaldarragatik eskerrak eman, barkamena eskatu ospatzeko dugun guztiaren prezioagatik, edo umilak izan eta isildu—mendebaldearen txarra onartu nahi ez eta Palestinarrekin konparatzen hasi gabe—, mendebaldea testuliburuak diren karikaturatik erortzen ari denaren susmoaz.
Larrepetit. Uxue Apaolaza
Testuliburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu