Ander Perez Argote

Uda berritu

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Bitxia da, baina duela hogei urte barruak dardararazten zizkizun modu bertsuan dardararazi dizkizu oraingoan ere udaberriaren etorrerak. Aldatuko ziren egoerak, estimuluak eta espektatibak, baina nabari duzu hari bat, urte sasoi honetan uztailera bitarteko Iruñerriko auzoetako jaiak zerrendatzen zituen orduko nerabearen ilusioarekin lotzen zaituena. Iristear da udaberria, eta berdin da hau ze adinetan irakurtzen duzun.

Urtea hasi zenetik, asteon harrapatu zaitu lehen aldiz eguzkiak lanetik ateratakoan. Eta konturatu zara azken hogeita lau orduetan bospasei lagunek aipatu dizutela ilusioz udaberria datorrela. Pentsatu duzu gutxi izango direla egunotan hori baino sentipen unibertsalagoak, eta zuregatik balitz, udaberrian egin beharko liratekeela iraultza kolektibo guztiak, jendea jendearekin nahasteko inoizko prestuen dagoen garaian.

Nekez egon liteke gauza aurreikusgarriagorik, jakin badakigu iritsiko dela, eta hala ere, zerutik eroritako mirari baten pare kontatzen diogu elkarri begi bistan duguna. Berdin du negurik apenas bizi ez badugu ere, ederra izaten segitzen du gure paradoxak: desiratzen dugu ikasturteak aurrera egitea, denbora pasatzeak izutzen gaituen modu berean. Edo bestela esanda, aldi berean nahi dugu denbora azkartu, eta bizitza moteldu.

Horregatik bueltatzen gara urtero ikasle garaiko uda eternoetara. Txosna gau bateko begirada jolasetara. Piszinako bainu osteko barre algaretara. Fondoan kilker hotsa duten terraza baten bueltako mundu-konponketetara. Urtero bizi-gogo hori berpiztu nahiko bagenu bezala da, orduko uda berritu nahiko bagenu bezala. Oroitzapenak berrituta gu geu berrituko bagina bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.