Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Urtarrileko eguzkiaz

2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Aski premonitorioa izan da lerro hauek zeri buruz erabaki dudanerako eguzkia izkutatzen hasi dela Iruñerrian. Eta ohartzerako lainotu da auzunea, nabarmendu dira farolak hodei artean.

Ikusirik izan dugun urte hasiera beroa, klimaren moldaketa aztoratzailea, gogoratu dut Claire Marin-en azken liburuan nola aritzen den sugandilei buruz, zeren niretzat eguzkia sugandilak dira: «Begiratzen dut sugandila. Beti dator partekatzen dugun toki honetara. Neu bezala, pausatzen da eguerdi aldera berotzen diren harlauza xurien gainean. Geldi-geldirik dago. Biok utzi dugu beroak ingura gaitzala. Bera eta ni, biok arraildu gara [frantsesez arraildu-ri lézarder esaten diote eta sugandila-ri lézard]. Argi beroaz gozaten dugu, baita begiak itxita ere. Hemen egoteaz pozik gaude. Eta instante hauek bizi ditut parentesi gisa baina sugandilarentzat hemen egotea bere naturaren parte da, bere buruarekin kointziditzen du. Sugandila arrailtzen da, sugandilatzen. Nork joka dezake hain bikain bere identitatea, bere burura nor molda daiteke hain sinpleki? Animaliaren abantaila da ala bere existentziaren 'pobretasuna'?».

Baina galdera zilegia da, berdin hartzen dugu eguzkia guk eta sugandilak? Guk eguzkia har dezakegu «baina egin ditzakegu astrofisikari buruzko galderak ere. Sugandila modu bakarrean harremantzen da eguzkiarekin, are eguzkiaren preso da». Horregatik, Marinen arabera, «bere lekuan egotea, bizitza sinple bat izatea da, mundu murriztu batekin pozik egotea litzateke, existentzia mugatu batera, mugatutako keinu, jarrera, ekintza batzuek osatutako mundu batean bizitzea litzateke. [...] Pentsa dezakegu gizakiaren zortea dela aurrez definitu gabeko mundu batean bizitzeko aukera izatea. Eguzkitan eman dezakegun denbora efimeroa da, itzala gailentzen da gero, baina gizakiak beti du, animalia gehienek ez bezala, beste eguzki batzuetara jotzeko aukera. Agian horregatik gara migrariagoak sustraituak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.