Susmoa dut metroak hauteskunde bezperan inaugurazio iturri ziurra izateko egiten dituztela, Bizkaian gainera oilar borroka elektoralki probetxugarrirako ere eman duena. Aurten inaugurazioek protagonismo berezia hartu dute epea moztu dietelako, eta han eta hemengo albistegi lokalak politikari irribarretsu, gorbata, soineko koloretsu, plaka, pala eta bizkar kolpetxoz bete dira, gabonak gerturatzean jostailu, xanpain eta perfume iragarkiekin gertatzen den eran. Berlanga aipatzeko aukerak barra-barra aprobetxatu dituzte iritzigileek, nik orain, eta nago hiritarrak ere jarrera horrekin begiratzen ditugula festok, barre gogoz, zuzendariaren pelikulak telesail egin balituzte bezala.
Kasualitatea izango da, baina Crematorio nobelaren autorearen eta aipatu zuzendariaren sorlekua Valentzia da. Público aldizkarian Carlos Fabraren irudia atera zuten janzten dituen bezalako eguzkitako betaurreko batzuetan islaturik; gizona, Castelloko presidente, delirio bat da, absurduaren edozein arte modu desarmatuz. Lau bider loteria tokatu eta berriro gertatzen bazitzaion «pirulí-a» atera eta IUren egoitzara pixa egitera joango zela aldarrikatu zuenak, abioirik gabeko aireportua inauguratu du. Ez omen dute ulertzen pertsonentzat aireportu bat ireki nahi izana, hiritarrak azpiegitura horietan zehar paseatzea zein garrantzitsua den; barre egiten zuen behar beste estimatu gabeko beste baten ondoan, Francisco Camps, Valentziako presidente ondo jantzia, zeinak ospitale baten maketa ere inauguratu duen, duela zortzi urte agindu zuena. Baina badirudi valentziarrak bilbotarren eran edonon jaio daitezkeela, Las Palmasen eskailera elektriko bat inauguratu eta ordubetera itzali zutenez, pizteko ekipo elektrogenoa ekarrita, adibide bat baino ez.
Izpiritu valentziarra kanpaina hasierarekin itxi da, eta kanpaina euskaldunen kontu Espainia osoan, armek ez dakit, baina tituluek ETArenak izaten jarraitzen dutenez, ETAk defendatzeko balio izan duena defendatzeko, eskuinaren eserlekuak.
Larrepetit
Valentziako umorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu