Ander Perez Argote

Zahartzen ikusteaz

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Aprobetxa ezazu bizitza, atodaostia pasatzen da eta» esaten entzun duzu bizi guztian aita, eta konturatzerako, mingainari hozka egiten topatu duzu zeure burua, gazteagoei gauza bera esan behar ez izateko. Ez zara hain gazte baina ez zara zahar, eta halere, bizi izan duzu nahikoa denboraren igarotzeaz kontziente izateko. Bada denbora bat lagun arteko anekdotak hogei urte atzera doazela, eta zerbaitengatik da hori. Zure zorionerako, zahartzaroaren hasiera geroz eta beranduago kokatzen dela esatera etorri da Berlingo Humboldt Institutuko psikologoen ikerketa bat. Arrazoiak biologikoak dira —bizi-esperantza luzatuz doa—, sozialak —atzeratuz doaz emantzipazioa edo gurasotasuna bezalako mugarriak—, baina baita autopertzepzioari dagozkionak ere: gure helduek geroz eta beranduago kokatzen dute beren burua zahartzat.

Egia esan, ez zaitu harritu: orain gutxi erreparatu zenion txikitako argazki bati, aitona-amonen altzoan zu. Konturatu zinen orain gurasoak direna baino gazteago zirela aitona-amonak argazkiko une horretan, eta zerikusirik ez hala ere: galtza plisatuak aitonak, gona luzea eta mediak amonak. Aitona-amonen look-a, eta bizimodua. Orain, orduko horiek baino zaharrago, lagunekin afaltzera doaz gurasoak asteburuan, kontzertuetara, edo autokarabanan bestela.

Gero eta beranduago zahartuko zaizkigu gurasoak, eta hortaz, gero eta denbora gehiago haiekin egon eta ikasteko. Alferrik hala ere, urte gehiago emanda ere, beti geratuko baita galdera bera egin gabe, beti kezka bera erantzuteke: nola egiten den, nola egin zuten haiek, gurasoak zahartzen ikustearen mobidoi hori kudeatzeko. Beranduago agian, baina iritsi iritsiko baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.