Sarri eskatzen zaie politikariei batasuna, krisiaren kontra, terrorismoaren kontra... dena gestio kontua balitz bezala, are, «utzi politika kontuak eta konpondu gauzak» aldarrikatzen da, diskurtso politikoa beti berbera ez balitz bezala. Herenegun diskurtso politiko kontrajarriegirik gabeko banaketa bati esker arnasa hartu genuen Europak etorkinak puteatzeko direktiba beldurgarri bat onartu ez zuelako. Eurodiputatu frantziarra ari zen kontrako bozen lantu, legez kanpoko immigrazioaren kontrako borrokan onena legezkoarentzat bide orekatuak garatzea dela esanez, «lan merkatuak aseko dituena». Eta lan merkatua imajinatzen dut lerdea dariola.
Entzun dugu baita ere historia epiko bat, pateran Granadako kostara haurdun ziren emakume etorkinen iritsiera, baten erditzea, umea isilik, ez zekiten hilik, eta Guardia Zibil batek nola eduki zuen jaioberria bere larruazalaren berotan lehen negarrak entzun arte. Polita omen da gertakaria. Guardia Zibilak ordezkatzen duen herrialdearentzat izango da, gainerakoan dena nahiko dramatikoa denez. Irakurketa ez da etorkinaren ikuspuntutik egiten, inporta duen narrazioa ez da berea. Hemendik aurrera ez dakigu zer gertatuko zaien; atzera beren herrialdera itzuliko ditugun, prostituzioaren lan merkatua asetzera geratuko den ama... izan ere, irrati tertulia zenbaitetan azaldu dutenez, onartu gabeko direktibaren helburu zitekeen disuasioari jaramonik egin gabe etorri baitira, ulertu gabe «denok ez garela kabitzen». Ez garela kabitzen Europan. Ez dagoela aberastasunik denontzat. Alemaniarentzat bakarrik.
Direktiba ditxosozkoa ez da guztiz ukatu, baditu bideak artean, eta gero eta gehiago gara soberan gaudenak, etorkinen atzetik; iraupen luzeko langabeak noiz arte kabituko dira politika aktiboren batek kartzelatu gabe? Gero eta beldurgarriagoa den kontinenteari ez zaio geratzen disimulurako gaitasunik; harrapakina babesten du Merkellen gonapean, eta defentsa horretan zaunka eta hozka egiteko prest daudenak baino ez dira kabitzen.
Larrepetit. Uxue Apaolaza
Zaunka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu