Larrepetit

Zertarako idatzi

Castillo Suarez.
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lagun handia dudan idazle batek, Euskal Herrian ISBN gehien duenetakoa, maiz esaten du idazleei zein idazten dutenei (bereizketa ez dut nik egingo) ez zaiela sekula galdetzen zer nahiago duten, idaztea ala idazle izatea. Susmoa daukat gutxik esango luketela nahiago dutela idazle izatea, gurean harrokeria bezain gaizki ikusia dagoelako harrotasuna. Bakarren bati noizbait entzun diot idazlea izateak balio izan diola lagun berriak egiteko, baina, egia esan, lagunak egiteko, balio du acuagym ikastaro bat egiteak ere. Seguruena ez daudela horren «taladratuak» kiroldegian ezagututakoak.

Idaztea zaila da maiz eta horren adibide garbia poesia da. Azkenaldian atera diren poesia libururik onenak plazaratu dituzten egileak elkarrizketatu dituztenean idazten dutenean sufritzen dutela aitortzen dute. Niri oso adierazgarria egin zitzaidan Miren Agurren esaldi bat, hona:«Boligrafoa hartzeak ere min ematen dizu batzuetan, baina gero mesede egiten dizu». Literaturak badu askorentzat sendagarri edo botika betekizuna. Idazleak, asko; irakurleak, ez horrenbeste.

Garbi dago: pistan ez dagoen idazlea ez da idazle. Tarteka zer edo zer idatzi behar da aipatua izateko eta ahaztua ez izateko: haur literatura zabalkunde handia duen argitaletxe batekin, kantari ezagun batendako letrak, testu zaharrekin egindako «refrito» bat... Antologia batean atera gaitzaten saiatu, ahal bada Estatukoa, eta pelota egin Madrilen ditugun ordezkariei. Gaizki ordaindutako hitzaldiak zein emanaldiak eskaini. Ikastetxeetara joan, nahiz eta gustatu ez. Durangoko Azokara joan ahalik eta editore gehienei adierazteko baduzula argitaratzeko moduko zerbait, egia izan ez arren. Liburuak Euskadi sarietara aurkeztu eta inori esan ez, eta minduta sentitu hautatua izan ez eta finalistak zurea baino txarragoak direla uste duzulako. Idazle berriago bati hitzaurrea egin, liburua balekoa irudituagatik. Epaimahai batean aritu eta sari banaketan zinegotziaren ondoan jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.