Larrepetit. Garazi Goia

Zerura begira

2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Kontrolatzaileen xantaiak mundua hankaz gora jar dezakeela erakutsi digute. Nahikoa da gutxi batzuek lanera ez azaltzeko erabakia hartzea eta minutu gutxiren buruan milaka pertsonaren planak zapuzten dituzte. Horrelako zerbait gertatu behar zen daukaten botereaz eta aldi berean zein zaurgarriak garen ohartzeko. Atzera begira ironiaz ikusten saiatzen naiz. Orain errazagoa zait hori egitea, noski, baina duela bi aste egin zuten boikotak bete-betean harrapatu ninduenean, orduan ez nuen ikuspegi pragmatikoetarako lekurik. Lurrean utzi ninduen Bilboko bere lanpostura azaldu ez zen lotsagabeak,eta lurrean utzi zituen baita nire amorrazioa eta ilusioak ere.

Kontrolatzaileek eragindako kalte morala eurotan zenbatzen hasi direnean, non dagoen muga galdetzen diot neure buruari, nork ordainduko dituen zor guztiak, zerbaitetarako balioko ote duen sortu duten kexa prozesu eta izapide guztiak;nik kapitulu hura atzean utzi nuela uste nuenean, Gabonetako oporrak aurrean izanda, berriro ere beren tranpan harrapatuko ote nauten kezkarekin urduritzen hasi naiz. Alarma egoera urtarrila arte luzatzeko proposamena egin omen du Espainiako Gobernuak, kontrolatzaileek eragindako egoera hura berriro ere errepika ez dadin; eta kontrolatzaileen %85ek hitzeman omen dute Gabonetan lan egingo dutela.

Elurra hasi da Londresen berriro, eta asteburuan inguru guztiak zurituko dituela dioten iragarpena entzun dut. Inguru guztiak, baita aireportuak ere. Nire hegaldiari tokatuko zaion kontrolatzailearen menpe egoteaz gain, eguraldiaren eskuetan nago orain. Ziurgabetasun hori da artega jartzen nauena.

Distantziak desagertu diren hori aipatu dut noizbait zutaberen batean edo bestean.Erregela hausten duten salbuespenak aipatzea tokatzen zait oraingoan ordea,kontrolatzaileen %15ek eta elurrak distantzia hori infinitura eraman dezaketelako.

Zerura begira jarraituko dut. Besterik ezin dut egin eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.