Justizia emakume baten irudiarekin ilustratzen da. Garzon juzkatu duten guztiak gizonezkoak dira. Garzon ere bai. Eta Gürtel kasuko prozesatuei lapurtutako diruarekin zer egin esaten zietenak ere bai. Euskara batuak legelaria hitza lehenesten du, legegizon hitzaren kaltetan. Espainiako justiziaren kasuan, ordea, zehatzagoa da bigarren hitza. Ziri-kopla hartako aholkuak ondo dioen bezala, «laguna bada legegizon, urruti hobe don!».
Justizia irudikatzen duen emakumea, gainera, itsua da (edo begiak estalita dauzka, behintzat). Nekez esan liteke tribunalekoak, Garzon, edo Gürtel kasuko aholkulariak itsu direnik (ezta begiak estalita dauzkatenik ere). Denak ere, oso zorrotz dakitenak dira nora begiratu, non eman kolpea.Orain Garzoni tokatu zaio larrutik probatzea, larrutik urratu omen duena komenientziara, eta beste ziri-kopla batek modu plastiko askoan dioen moduan, «itsuen garrotadea letxe» jasotzen ari da.
Hitz beste
Legegizonak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu