Gure lagunak bi urte daramatza erretiratuta, baina lanean ari zenean baino lanpetuago dabil. Ez zuen sekula agendarik izan; orain zuzen-zuzen apuntatzen ditu konpromisoak koadernotxo batean: talde dinamika, bidaiak, pintura, gimnasia, erakusketak, koruko saioak… Ez daki geldi egoten, itsasoari begiratzen, ezer egin gabeko orduen joana gozatzen. Musika entzuten badu, ikastaroren batean agindu diotelako da, eta ez plazerez: CDak jarri eta jarri, jauzi azkarrak egiten ditu agindutako musika batetik bestera, ea lehen notak entzunda asmatzen duen nor den musikaria: Bach, Telemann, Lully?
Orain gutxi, filosofiako ikastaro batean eman zuen izena. Platonen elkarrizketa bat irakurtzen jarri dute gaur, Sokratesek zera galdetzen dueneko hura: «Esklaboak gara, ala aisia gozatzen dakigu?». Ordu txikitako loguraz idatzi duen etxeko lanaren arabera, gure laguna konbentzituta dago inork ez bezala dakiela aisia gozatzen.
Hitz beste
Libre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu