Zazpi urteko neskatoari izugarri gustatzen zaio marraztea. Irudi figuratiboak egiten ditu beti, surrealista xamarrak nahi bada, baina identifikagarriak. Esate baterako,soineko luze haizatua zertxobait goratuz, oinetako takoidunak erakusten ari denprintzesa kalpar horia, atzean jirafa kumea begira duela. Esate baterako, etxe eder eta harmoniatsuak bustitzen dituzten hodei negarti ezpain gorriak, handitik txikirasailkatuta ilaran. Esate baterako, bihotz zoriontsu hegalariak, azenario-soro batean biribilketan, eta eguzkia, zergatik ez badakigu ere, haserre, trumilka… Bai. Sinpleki ederrak. Haren amak esana.
Gaur, goizeko nagiak atera orduko egin du bere afizioaren aldarria. Artean pijama eranzteke, koloretako margoak eta orri zuriak hartu eta egongelako sofara jo du zuzen. Ohetik jaiki denean, bere zeregin gogokoenean aurkitu du amak. Neurriko altzariak aurkitzen ez dituen xinaurria iruditu zaio, berera hain buru-belarri bildua.
Kafesnea amaitzerako, orriak eskuetaneta begiak dirdirka dituela azaldu zaiosukaldean. Egindakoaz harro dago etaezagun zaio umorean. Kasik erreberentzia eginez erakutsi ditu 'lantxoak' —hala izendatu ohi ditu—, bereziki hirugarrena, marigorringo arrosaz, pinpirin koloretsuz eta hegazti moko luzez jositako beste biren atzetikheldu dena.
«Ui… Bai berezia…», murmurikatu dio amak bizpahiru segundoren ostean.Denbora irabazteko trikimailua besterik ez da izan, egia aitortu behar bada,bistan jarritakoak eragin dion harridura —dezepzioa— ezkutatzeko modu inprobisatua. Betiko parafernaliarisegitzen saiatu da ia instintiboki. Alegia, hark marrazkia agerian jarri orduko, ikusitakoa komentatzen, irudimena goraipatzen, ahalegina txalotzen; teknika berririk erabili badu, hura nabarmentzen… Ezin izan du.
Izan ere, zirriborro urdin single eta baldarra iruditu zaiona erakutsi dio bere harridurarako, orri osoa tindatu duen orban homogeneo eta minimalista, batere apaingarririk gabea, hain… laua, hain… soila, hain, hain… geldoa… Ur-putzua margotu nahi izan ote duen otu zaio ama txundituari, eta «arraintxoren bat jarri izan balio sikiera», larderiatu dio bere golkorako. Gorroto du ordea, zer den galdetzea. Ez da bere estiloa. Sentsibilitaterik edo psikologiarik gabekoen baliabide merkea dela uste du. Hitzik esan ezinda, ordea, deseroso dago. Haurraren bat-bateko molde aldaketak justifika dezakeelakoan, etsi egin du azkenean, eta itauna luzatu dio:
—Itsasoa ote da? — atera zaio tonu neutro xamarrean.
Begietako dirdira galdu gabe erantzun dio neskatoak, beratasunez, edo errukiz akaso, aurrez aurre duena kilo eta erdiko artaburua dela deskubritu izan balu bezala:
—Ez, ama. Artea da.
Uda beteko (p)lana
Marrazkia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu