Uda beteko (p)lana

Matxura

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ur-berogailuak konpontzen dituen teknikariak andere zahar bakartiarenean du gaur, eguneko azken hitzordua. Amonak berak emandako agindua da, enpresako langileen agendak antolatzen dituen idazkariari espresuki jarritako baldintza: azken orduan etor dadila, atzetik beste konpromisoren bat bete behar izateagatik korrika eta presaka alde egin behar ez izateko; eta garrantzitsuena, etor dadila bera, izan dadila Ramon. Ofizialki, bere etxeko makina hobekien ezagutzen duena delako. Eta egiazki, zaharrenganako aurreiritziak atarian utzita sartzen delako besteren sukalderaino; begirunea, hurbiltasuna eta berbaldi atsegina ere eskaintzen dituelako, tarifa berean.

Sekula izan ez zuen senartzat nahiko zukeen, mende erdi gazteagoa balitz. Sekula izan ez zuen semetzat dauka. Garaia heldu baino lehentxeago, mantala ezkutatu, etxeko arropak erantzi eta zetazko blusa koloretsua jantziko dugona gris argiarekin batera. Baita galtzerdiargiak eta larruzko sandalia beixak ere.Ordurako ederki txukunduta izango ditu bazterrak, apaletako apaingarriak eta altzarien gainaldeak ere garbi, eta komuneko ateaitxita.

Ur-berogailuaren azpialdea bere horretan utziko dio, halere. Harraskaren luzapenean ipurdiz gora lehortzen utzitako ontziak bildu gabe. Errebisatu behar duen aparatuaren inguruko espazioa libre behar duela jakinagatik ere. Edo, hain zuzen, horregatik. Gauzak nora baztertu galdezka hasten zaionean, burua aski joana duela esateko aitzakia izan dezan. Garai bateko abileziak ederki makaldu direla eta jada ezertarako ez dela adierazteko abagune disimulatua sor dadin. Eta hark, daukan adinerako —85 urte— majo baino majoago ikusten duela erantzun diezaion, losintxez blai egin dezan. Neskame zela, etxeko nagusia zenari ikasitako estrategia. Azeri hura.

Espero bezala heldu zaio Ramon. Ezpainak gorrituta, okasio berezietan luzitzen duen irribarreaz hartu du. Batzuetan gas usaina sumatzen duela esan dion orduko —gezurra da, etorrarazteko trikimailua—, eskuan zekarren metalezko kutxa astuna lurrean zabaldu eta martxan jarri da, lanean eta berriketan, garai bateko ordulariari soka ematen zitzaionean nola, tik eta tak gogotsu eginez, txutxu-mutxu ugari esanez, garai bateko istorioak berrituz, baita txisteak ere kontatuz.Eta ederki zihoan dena, harik eta gasaren ziria zikin xamarra zegoela ondorioztatu ostean —amonaren jokoa agerian ez uztekogupidazko gezurra—,60 euroko faktura eman eta oraingoan betirako agurtu behar duela berria eman dion arte. Abuztuko lanak bukatuta, andregaiarekin bizitzera omen doa haren herrira.

Ramonek transmititzen duen bizipoza erosi nahi zuen, 60 euroko dosian. Aurrerantzean lagunaren faltak sortuko dion bizi-mina saldu diote prezio berean, egunero pairatzen duen bakardadearen gaindosia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.