Gaztelaniazko espresio batek indarra hartu orduko, euskarak beretu egiten du. Gehienetan, dagoen bezala. Gaztelaniaz. Orain urte gutxi ditxosozko venga agur gisa erabiltzeko mania zabaldu zen. «Nos vemos mañana, venga». Bere horretan hartu genuen: «Eta musu bat amaginarrebari, benga».
Azkenaldian es lo que hay espresioa nagusitu da. Noranahikoa, edozein testuingurutan agertzen da, askotan zentzu handirik gabe. Euskaraz ari garelarik ere, gaztelaniazko espresioa txertatzen dugu: «Laster San Silbestre, es lo que hay». Badabil horren euskarazko bertsio bat ere, literal baldarra —«hau da dagoena»—, dagoena dago edo horrelakoren bat erabili beharrean. Herenegun, aldiz, «jaiotan asko jan eta ipurdiak edertu, hauxe daukagu» entzun nion lagun bati. Emakumea dendaria da lentzeria batean, eta hor imajinatu nuen lanean, kuleroak eskatu zizkion bezero gizen bati pieza ondratuena erakusten:
—Hauxe daukagu.
Hitz beste. Anjel Lertxundi
Modak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu