Badirudi Alberto Nuñez Feijoori ez diola batere onik egin Madrilera joateak, ikusirik asteotan nolakoak esan dituen jendaurrean. Feijooren hitzek argitara ekarri dute haren soslaia, nahiz eta nahi zuen taxua eman dion azken urteetan, komenentziaren arabera. Zera dugu aurrez aurre: produktu bat hauteskunde interesen eta PPren barne joeren arabera moldatutakoa.
Espainiako hedabiderik progresistenek moderatutzat jotzen zuten, eta orain aztoratuta dabiltza, zenbaitek aspaldidanik ohartarazia genuen kontu hori dela eta. Hortxe dugu Feijoo bridagabe bat, alderdiko hegalik erradikalenean kokatua, Isabel Diaz Ayusoren aginduetara dabilena. Eta hortxe dugu PP bat zentroaren botoei uko egiten diena, eta espainolismoaren sektore ultraren atzetik dabilena, Voxekin lehian, nork bereganatuko eskuineko boto emailerik erradikalena.
Feijoo karikatura bihurtzen ari da. Konspirazio teoriei emana ere badabil, bere garaian Donald Trumpek eta Jair Bolsonarok egin zuten moduan: Trumpek, AEBetako bozetan botoen ustezko lapurreta bat apelatuta; Bolsonarok, hauteskundeei buruz Trumpen diskurtso berbera erabilita eta COVID-19aren pandemia ukatuta. Espainiako Estatuko oposizioko alderdi nagusiko presidenteak aste honetan esana du badirela plan baten zantzuak konstituzioak berekin dakarren elkarbizitza demokratikoa aldatzeko, eta, nabarmendu duenez, zera dugu aurrez aurre: gobernu bat, lehenbizikoz, konstituzio sakrosantuaren «arerioek esku hartutakoa». Ez al dizue gogora ekartzen Franco hainbeste obsesionatzen zuen konplot judu-masoniko hura?
Izan zen beste adierazpenik. Feijook berriro ere nabarmen laga zuen bere burua, uko egin baitzion bolsonaristek Brasilen egindako estatu-kolpe saialdia gaitzesteari. Hain zuzen, konparatu egin zituen Brasilgo hiru botereen —exekutiboa, judiziala eta legegilea— egoitzen kontrako erasoa eta beste protesta bat, Inguratu Kongresua izenekoa, Madrilenegina 2012an. Mobilizazio hura baimendutakoa izan zen, baina Poliziak desegin zuen, eta justiziak artxibatu egin zuen auzi hura. Ez zuen arriskuan jarri demokrazia, eta ez zen Kongresua okupatzeko asmoz egin. Halaxe jasota geratu zen kasua amaitutzat jo zuen sententzian bertan.
ZUZENDARIEN GALEUSCA
Moderatu lehen, ultra orain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu