Mitt Romneyk orain gutxi esan du langileak kaleratu ahal izatea «atsegin» duela; zerbitzu egokia ematen ez diotenak kaleratu ahal izatea, zehaztu du. Aditz hori erabili du: I like, jatorrizko hizkuntzan; datsegit, sare sozialetako euskara berrian. Aitormena ez du egin mikrofonoa itzalita zegoela uste zuenean, ezta konfiantzazko kazetari batekin off-the-record ari zela ere. Kanpaina ekitaldi batean esan zuen, mikrofonoa eskuan zuela taula gainetik New Hampshireko alderdikide multzo bati hizketan ari zela, Alderdi Errepublikanoko lehendakarigai onena bera dela konbentzitu ahal izateko argudio eraginkorra zela pentsatu zuelako edo.
Beste mundu bat da hau, eztabaida politikoari dagokionez ere. Mariano Raxoik, Galizian beharrean Wyomingen jaioa balitz eta Alderdi Popularreko buruzagia beharrean Alderdi Errepublikanokoa balitz, Philippe Montanierrek une honetan Urrezko Danborra jasotzeko baino aukera txikiagoa izango luke Etxe Zurirako lehendakarigai bihurtzeko, Espainiako gobernuburu gisa iragarri berri duen zerga igoeraren laurdena iragarriko balu hemen. Barack Obama bezala, enpresaburu arrakastatsuak hondoratu nahi dituen sozialista izango litzateke Raxoi teapartyzaleentzat. Eta ez dira lau katu.
Estatu Batuetako alderdi kontserbadoreko buruzagiek beren herrialdearentzat zer eredu nahi duten azaltzen baino hobeak dira zer eredu nahi ez duten azaltzen: Angela Merkel, Nicolas Sarkozy, David Cameron eta soka bereko buruzagi eskuindarrek gidatzen duten Europa da, hain zuzen ere, bihurtu nahi ez dutenaren eredua. Datorren azaroan Obamarekin lehiatzeko aukera handiena duenak, langileak kaleratu ahal izatea atsegin duen horrek berak, Europaren ispiluari begira hitz egin zuen New Hampshireko garaipenaren egunean: AEB «Europaren estiloko ongizate estatua» bilakatu nahi du Obamak, eta berak, ordea, aurrerantzean ere «aukeren herrialde librea» izan dadin nahi du. Ongizatea kontzeptuak, welfare, kutsu negatiboa du hemen askorentzat.
Ni zu baino kontserbadoreago lasterketa bilakatu da Alderdi Errepublikanoko barne lehia. Askok ez diotela sinesten da Romneyren arazoa, esaten duena bezain kontserbadorea denik ez diotela sinesten, alegia, eta horrek politika kontserbadoreen txapeldunaren plantak egitera eraman du Massachussetteko gobernadore ohia. Ez da erraza lehiakide dituen arrainekin, baina aukera izan duen guztietan ahalegindu da eskuinerago jotzen, Newt Gingrichek eta Rick Perryk —garai batean inkestetan oso goian egondakoak baina benetako bozetan atzera gelditu direnak— Estatu Batuetan paperik gabe urte asko daramaten etorkinei eta haien ondorengoei buruz malgutasun eta erruki pixka bat agertu zutenean egin zuen bezala, Mexikoko mugarako hesirik altuenak proposatuz eta paperik gabeko milaka eta milaka langileei eta haien ondorengoei aukera guztiak ukatuz, deportatuak izatea salbu.
Odolkiak ordainetan: eskuinetik egin diote orain jauzi lepora Romneyri, baina ezkerreko argudioekin. Enpresaburu gisa krisian ziren enpresen salerosketan jardun zuenez, zailtasunetan zeudenei zukua ateraz aberastu zela leporatu diote Gingrich eta Perry ultrek, lanpostuak sortu beharrean suntsitu egin zituela. Mister Monopoly esaten diote, edo Mister Wall Street, Alderdi Errepublikanoaren ertz eskuindarrenetik iraindu nahi dutenek. Zoritxarrez, Monopoly jaunak hartu duen abantailarekin, lehia ia bukatu da: Hego Carolina, Florida eta... otsailean Nevadako euskal estatura iristen direnerako, dena erabakita egon daiteke. Lastima: primeran pasatzen ari ginen.
Handik eta hemendik
Monopoly jauna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu