Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Nagusia noiz hilko zain

2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ilargia, izarrak eta planeta guztiak gainera erori balitzaizkio bezala izan zen Harry Trumanek 1945an AEBetako lehendakaritza hartu zuenean, ustekabean. Hala esan zien behintzat kazetariei, karguari zin egin berritan. 82 egun baino ez zituen egin lehendakariorde, Franklin Roosevelt presidentea hil zenean buruko odol jarioz. Bigarren Mundu Gerra bete-betean, bi aldiz baino ez ziren bildu hiru hilabete horietan Roosevelt eta Truman. Etxezuriko sekretuez arrastorik ez omen zuen Trumanek, Etxezuriko aginte makila hartu behar izan zuenean. Roosevelt hil zen egunean bertan, arratsaldez, eman zioten Manhattan proiektuari berri. Alegia: jauna, bonba atomikoa daukagu. Botoiari sakatu egin zion azkenean, bi aldiz gainera, eta ilargia, izarrak eta planeta guztiak gainetik kendu ahal izan zituen aldi batez, gerra arrakastaz bukatu ahal izan zuenez.

John N. Garner ere Roosevelten lehendakariorde izan zen, 1930etan. Ez bide zion lan handirik eman: lehendakariorde karguak “pitxerkada bat txiza parrasta epelek baino balio gutxiago— duela esan zuen gerora. Figura bitxia da lehendakariordearena AEBetan. Presidentearen nahiz ordearen nortasunen arabera, pisu handiagoa edo txikiagoa izango du aholkulari gisa gobernuaren erabakietan, eta gehiagotan edo gutxiagotan izango da presidentearen ordezkari han eta hemen.Baina, izan, gobernuan ez du ardura jakinik. Senatuko presidentea ere bada. Baina tradizioaren arabera, berdinketa dagoenean baino ez du parte hartzen Senatuko saioetan eta bozketetan.

Gutxi batzuek zortea izan dute. Zortzi presidente legealdia bukatu baino lehen hil egin ziren, edo hil egin zituzten. Ezagunenak: Abraham Lincoln 1865an (Andrew Johnsonek hartu zuen kargua) eta John F. Kennedy 1963an (Lyndon B. Johnsonek ordezkatu zuen), biak tirokatuta hilak. Bizirik, bakarrak utzi du kargua: Richard Nixonek 1974an, Watergate auziagatik (Gerald R. Forden mesederako). Behin baino gehiagotan entzuna hemen AEBetan: presidentea noiz hilko zain egotea du lan bakarra.

Kanpainan, ordea, badute lanik. Egiteko nagusia: hankarik ez sartzea. Botoak gehitzen ez badituzte ere, botorik ez dezatela gal behintzat. Barack Obamak Mitt Romneyri abantaila handia kentzen zion bitartean, Joe Bidenek eta Paul Ryanek zer egiten eta esaten zuten ez zuen hainbeste axola. Baina indarrak parekatu direla ematen duen honetan, axola du, eta asko.

Inkesten jarraipena egitea ez da erraza. Duela aste batzuk, esate baterako, 52 inkesta egin zituzten 18 estatutan aste bakarrean. Errekorra, nonbait. Horregatik, inkestak daude, batetik, eta inkesten inkestak, bestetik. Motzean: boto asmo orokorrean parez pare daude, Romneyk joan den astean Obamari eman zion egurraren ondorioz; baina balio duen kontaketaren arabera, estatuz estatu bildu beharko dituzten hautes botoen aurreikuspenetan, Obamak alde handia kentzen dio oraindik Romneyri. Lehendakariordegaien arteko eztabaidaren aurretik, Obamaren irabazteko aukera %60tik gorakoa zen, eta Romneyrena, %30etik gorakoa.

Eta eztabaida? Hasteko, nagusien artekoa baino askoz hobea izan zen ordezkoen artekoa: mamitsua eta bizia. Aldea: biak zeuden esna. Eta Bidenek Obamak egin ez zuena egin zuen: Ryanen erretolikak ez datuekin ez errepublikanoek orain arte defenditu dutenarekin zerikusirik ez duela adierazi zuen, behin eta berriro, labur eta zuzen erantzunez, batzuetan, eta aurkariaren esanei barre ere eginez, askotan. Ryan gazteak duintasunez eutsi zion, baina demokraten animoa berpiztea lortu zuen Biden zakur zaharrak. Egun batzuk beharko dira ezkutarien arteko borrokak zer eragin izan duen ikusteko. Partida dago hemen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.