Aukera denean egin ohi duten bezala, eguzkiak goitik behera jotzen hasi baino lehen heldu dira hondartzara, nahigabe kronikoa transmititzen duen gizaseme zurbila eta haren emazte inurria. Protokolo zehatza jarraitzea eskatzen duten zereginak ditu andereak, ur hegalean paseatzera abiatu aurretik: guardasola hondarretan finkatu, trasteak lerroan ipini, erantziko dituzten arropak txukun paratu, toallak lurrean lisatu, denbora-pasen aldizkaritxoak eskueran utzi. Eguzkitarako krema-potoari astindua emanez, senarraren gorputza ondo koipetzea besterik ez du falta. Eta denak eginda, ordubete luze emango du pauso arinean, zangoak nekatzea baino, burua lasaitzea helburu duela. Gustuko duen bezala, bakarrik.
Bitartean, eraiki berri duten gotorlekuaren zaindari, papereko entretenigarria bilatuko du senarrak: sudokuak, edo hitz gurutzatuak, edo antzeko jolas logiko eta linguistikoak; burmuinaren hemisferio erdia anestesiatu, eta beste erdia sentipen emozionalik gabe uzteko modukoak. Aspaldian dituen osasun kezkek etenalditxoa izan dezaten. Hipokondriaren parera heltzen ari den jarrera horrek bake pixka bat eman diezaion, diezaien. Denbora-pasen liburuxka hartzera doala, ordea, inoiz ikusi gabeko aldizkaria deskubritu du emaztearen gauzen artean. Eguzki-kremei buruzko artikulua dakarren orrian dagotolestuta. Eskuetan hartu du. Murgildu egin da.
Egileak ez du ulertzen krema babesleak nola dauden kosmetikaren baitan sailkatuta, osasunerako hain garrantzitsuak izaki. Arrazoi osoa eman dio. Bio deritzen erdiek ez omen dute nahikoa filtro, eta beste erdiek, babesle onak badiren arren, ez omen dute kimikarik gabekoen etiketarik merezi. Susmatzen zuena. Bestalde, testatutako marka gehienek nanoteknologia baliatzen badute, eta partikula nano horiek, hain ñimiñoak eta hain sintetikoak, epidermisa zeharkatu eta erraietarainoko bidea egin badezakete, zergatik ez ote duten inongo oharrik agertzen etiketetan. Bihotz taupadak azeleratu zaizkio. Azken aldi honetan merkaturatu diren kremak omen dira susmagarrienak, erraz eman eta batere likatzen ez diren horiek; bereziki, gardenak badira, eta sprayan zabaltzen badira, emazteak jarritakoa bezala. Arnasestuka hasi da. Titanio dioxidozko partikulak omen dituzte, koheteen nahiz misilen fabrikazioan hain estimatua den aleazio hori …
Emazteak, itsas bazterretik bueltan, sasi-soroslez inguratuta aurkitu du senarra. Zorabiatuta dagoenaren tenplean, gerra kimikoaren biktima izan dela esaten ari zaie, goragaleari ezin eutsiz. Aldizkariagatik madarikazioka, janzten lagundu dio senarrari. Trasteak bildu ditu. Etxera bidean, azken begiratua eman dio itsasoari, eta agur esan dio, uda triste hau baino azkarrago joan zaion bizitza balitz bezala, malkotan.
Uda beteko (p)lana
Nanoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu