Ni, nik, nire... Zutabea deklinabide osoarekin betetzeko asmoa nuen. Ni izenordearen kasu guztiak eman, eta berriro ni, nik, nire, niretzat... Eta berriro letania bera. Zutabearen akaberan,rosa-rosae deklinatuko nuen, argi gera zedin Rosa Díezi buruz ari nintzela. Sibilinoegia.
Eusko Jaurlaritzako kontseilari zenean ezagutu genuen bera, orduan ezagutu genizkion egoa eta egoaren hego tzarrak ere. Sonbreruak gustatzen zaizkio-eta, De Quincey idazleak zioena egiten ikusi dugu ordutik: «Ni esaten duen aldiro sonbrerua jasotzen du». Imajinatzen dugu gure lagun batek egolatrengatik dioena bete nahian ere: «Berorika egingo luke bere buruarekin... berorika baleki».
Orain, ordea, garai bateko bere kide sozialistei egindako traizio bera sufritzen hasita dago bere niaren ondra eta alabantzan sortu zuen alderdi barruan. Parean egokituko balitzait, nekez eutsiko nioke abisua emateko tentazioari: gandorra apaltzen hasi zaio berorri...
HITZ BESTE
Ni, nik, nire
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu