Bihar, liburu eguna. Bereziki, nobedadeena. Baina liburu batek gaur goizean ikusi ote duen lehen argia edo orain berrehun urte, bost axola dio. Zabaldu ahala harrapatzen bagaitu, plazera baldin badakar opari, gure baitan zerbait aldatzen ari dela sentiarazten badigu, liburua jaioberria delako da, nahiz goiz albakoa izan nahiz orain bi mila urte argitaratua. Evelina Cattermole poeta erromantikoaren ateraldi hartakoa gertatzen da: ohean zegoelarik bere maitaleetako batekin, honek adina galdetu zion —tonto-zakila behar du!—, eta Evelinak merezi ez bezalako samurtasun batez erantzun zion:
—Moñoño, eman didazun lehendabiziko musuarekin jaio naiz ni.
Halaxe gorde zuen Cattermolek bere adinaren sekretua, halatsu gordetzen du liburu batek ere berea: azkeneko maitalearen musuak markatzen du haren jaiotza.
Ez, liburu berrienak ez dira, derrigorrez, gazteenak izaten, irakurle baten begietako beroa jasotakoak baizik.
Hitz beste
Nobedadeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu