Aspaldi zaharrean irakurri zuen Leteren lehen liburua, tituluan Orduen gurpilean esaten duena. Baina eskarmentuak irakatsi dionez, denbora faltaren gurpilean bizi da bera.Ez da iristen, laburregiak egiten zaizkio egunak eta gauak. Berari laguntzeko sortuak omen diren trepetek areago kateatzen dute, bere denboraren lapur balira bezala sentitzen ditu.
Ordulariari begiratu dio. Suspirio bat. Erloju dendak dauden bezala, ordu-dendak ere baleude; orduak erosterik balu, itota dabilenerako; erositako orduekin arintzerik baleuka iritsi ezin ia egunerokoa…
—E, aizu, bi ordu, bihar gauerako. Orduak iazko prezio berean segituko du, ezta? Ederki, jarri biak, mesedez…
Larrutik daki, ordea, denbora ezin dela aurreztu, ez dela biltegietan pilatzen den gaia, ezin dela pakete batean bildu opari bat egiteko. Hala ere, ordu-denden ametsetan bizi da. Horrek ere zenbat lotuko lukeen, ez zaio burutik pasatzen.
Hitz beste
Ordu-denda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu