Afganistango eta Irakeko inbasioetan George W. Bushen Administrazioan Defentsa idazkaria izan zelako da ezagun Donald Rumsfeld, Guantanamo eta Abu Ghraib-en garaietan AEBetako armadako burua izan zelako, baina bestelako ondarerik ere utzi dio politika unibertsalari Illinoisko semeak. Ez zituen Winston Churchillek adina esaldi sonatu utzi, baina hitz joko polita, bai.
Saddam Husseinen suntsitze handiko armen frogei buruz galdetu ziotenean, zera erantzun zuen 2002ko otsailaren 12an: «Badaude 'known knowns'; alegia, dazkigula badakigu. Badakigu, baita ere, 'knowns unknowns' daudela; hau da, ez dazkigula badakigu. Baina badaude, baita ere, 'unkowns unknowns'; alegia, ez dazkigunik ez dakigu». Bere memoriei buruzko liburua saltzen ari da asteotan, estatuz estatu eta telebistaz telebista. Liburuaren titulua, ez zen zaila antzematen: Known and Unknown.
Ez da harritzekoa Jaime Mayor Orejak batzuetan Donald Rumsfeld gogoraraztea. Izan daiteke Abu Ghraib eta Guantanamogatik, burmuinak era guztietako loturak egiten baititu, baina izan daiteke PPko buruzagiaren erretolikak, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioei buruzkoak, Rumsfelden hitz jokoa ekartzen duelako gogora. Known known bat izango balitz bezala esaten du Mayor Orejak Espainiako Gobernua eta ETA gaur egun ere negoziatzen ari direla, baina dagoeneko badakigu erakunde armatuaren eta Gobernuaren arteko harremanen kontua bigarren kategoriakotzat hartzea dela zuhurrena (ez dakigula badakigu), betiere hobe baita hori, azken aukera baino (ez dakigula ere ez dakigu).
Baina Faisan auziaren kontua, argi eta garbi, lehen kategoriakoa da aspalditik: guztiz jakina. Joseba Elosuari abisua nork noren aginduz eman zion argitzea falta da, baina ETAko ustezko kideari sarekada asmoaren berri aldez aurretik eman ziotela, dagoeneko, ez dago zalantzarik. Bake prozesuak oztoporik gabe aurrera egin zezan nahi lukeenaren ikuspegitik, goraipatzeko moduko ekimena izan zen, gainera, ETArekin hitzartutako baldintzak betetzeko ahalegina izan zenez.
PPk urteak daramatza Faisan auzikoa leporatzen Jose Luis Rodriguez Zapaterori, batzuetan indar handiagoarekin eta bestetan gutxiagorekin, eta orain nonbait espantuka hastea egokitzen da, Alfredo Perez Rubalbacari eraso egiteko, PSOEren hurrengo lehendakarigaia izan daitekeela susmatu dutenez. Javier Lopez Peñari atzeman omen zizkioten aktak aspalditik dauzkate euren esku Espainiako Segurtasun Indarrek, eta baita El Mundo-k berak ere (zati bat behintzat), duela urtebete baino gehiago, 2010eko martxoan, akta horiei buruzko txosten polizialetan oinarritutako informazioak atera baitzituzten, lehen orrian: «Gomez Benitezek Jarrai eta EHAKrentzako inpunitatea negoziatu zuen ETArekin» (hilaren 3an); «Parot doktrina bertan behera uztea ere eskaini zion Gobernuak ETAri» (hilaren 7an).
Zaharrak berri: hauteskunde jokoa, epe motzekoa, ETAren mamua makulu hartuta. Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketei bizkar eman eta, ETA lehengoa balitz eta lehengoan balego bezala, gutxien zeinek negoziatu duen eta gogorren zeinek jokatu duen lehia sustatzen ari dira, etorkizunari begira pedagogia politikorik txarrena eginez, ohi bezala. Inork ez digu, zoritxarrez, Churchillek aipatzen zuen estatugizona gogorarazten: «Politikariak hurrengo hauteskundeetan pentsatzen du; estatugizonak, hurrengo belaunaldietan».
Handik eta hemendik
Paper zaharren istorio zaharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu