Programa, programa, programa. IUri traturen bat egiteko proposatzen zioten bakoitzean, halaxe erantzun ohi zuen Julio Anguitak, IUko burua zen garaian: ez zegoen programaz aparteko negoziazio gairik. Negoziazio guztien bertsio ofiziala ere horretara mugatu ohi da: programan ados jarri edo ez, horra gobernu koalizioen gakoa. EAJren eta EBren arteko negozioen historiaz erehorixe besterik ez genekien, Xabier Agirrek hitza hartu zuen arte.
Merezi du bideoa ikustea. Hiru minutu dira, Sustatu.com-en dago. Agirrek, diputatu nagusi izateari uzteko minutu batzuk falta zitzaizkionean, bertsio ofiziala ahaztu eta haizagailua piztu zuen: Ezker Batuak lanpostuak eta dirua eskatu zizkion EAJri, Agirrek behar zituen bi boto horien truke. Bi mahai paralelotan aritu omen ziren: programaz A mahaian, diruaz eta lanpostuez B mahaian. Ez zen salaketa orokorra: zenbat diru eskatu zuten, zer lanpostu, zeinentzat, zeinek... dena esan zuen. Ez gaude ohituta.
Parentesi bat, kontakizunarekin jarraitu aurretik. Eztabaidagarria izan daiteke Ezker Batuak zenbat duen ezkerretik, baina eztabaidatik kanpo dago batutik ez duela ezer. Iazko ekainean kontseilu politiko bat egin beharrean bi egin zituztenean zatiketa formalizatu zutenetik, bi alderdi bereizi balira bezala funtzionatzen dute EBko bi sektoreek: Mikel Arana koordinatzaile nagusiaren sektorea, batetik, eta oraindik madrazozale esaten dioten sektorea, bestetik. Sektore kritikoa nagusi da Araban eta, beraz,sektore honetakoak aritu dira negoziazioetan. Harira,berriro.
Boteprontoan, osoko bilkuran bertan, gezurra zela erantzun zion EBko bozeramaile Mertxe Etxezarretak. Baina EBko beste batzarkideak, Nerea Galvez diputatu nagusigaiak, azkar aitortu zuen ez dakiela gezurra edo egia den, twitter-en: «Gezurra esan badu, salaketa Agirreri, ez badu gezurrik esan, erantzuleek bere gain har dezatela erantzukizuna». Baina gezurraren hipotesiak azkar galdu du indarra. Mikel Aranak sinesgarritasun osoa eman die Agirreren salaketei, eta, gainera, izen-abizenak eman ditu: Serafin Llamasekin batera, Javier Madrazo bera ibili da lanpostu eta diru eske. Beste sektoretik ere gezurtatu dute gezurrarena, baina ñabardurekin. Kontxi Bilbaoren arabera, EBko beste negoziatzaile batek lanpostuak eta dirua eskatu zituela jakin zuten negoziatzaile ofizialek EAJrenbidez, baina berehala negoziatzaile hori baztertu eta eskaerak negoziazio mahaitikkendu zituzten; Agirrerenkontra gogor hitz egin duBilbaok, negoziaziokotrapu zikinak haizatu dituelako.
Hauxe, ostiral arratsalde bitarteko kontakizuna. Nahikoa, ondorio bat behintzat ateratzeko. B mahaiko EBko negoziatzaileak ez dira politikara iritsi berriak, ez dira gobernu koalizioetarako negoziazioetan aritu gabeak. Eskatu zutena eskatu bazuten, lortzeko aukera zutela uste zutelako egingo zuten; eta, lortu ezean ere, kontua negoziazioetako ohiko konfidentzialtasunetik ez zela aterako espero zutelako. Beraiek jakingo dute zer eskarmenturen ondoren iritsi diren uste horietara. Eta zalantza: botoen, lanpostuen eta txanponen merkatu nahasi honetan trontzorik onena eraman duenari, Arabako PPri, doan atera ote zaio dena?
Handik eta hemendik
Programa, programa, programa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu