Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Schrödingerren herria

2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Harro nago nire herriaz. Bertatik zenbat eta urrunago egon, orduan eta gehiago maite dut. Norbait berarekin sartzen bada, bere defentsan aterako den lehenengoa izango naiz. Jendeari okurritzen zaionean —batzuetan harriduraz, besteetan sutsuki— zein polita den nire herria, noski, badakidala erantzungo diot: neguan, Erdi Aroko postal eder bat; udan, erromesez eta gipuzkoarrez betetako hiri zalapartatsua (bi urtaroetan esajeratzen ari naiz, badakit, baina hori da esaten dudana, dena den). Munduko lekurik onena dela pentsatzen dut, benetan, bertan ez nagoenean. Familia faltan botatzen dut, ibaiertzean betiko lagunekin eztabaidatzea, kale estuak, gaueko zeru garbian ikus daitezkeen izarrak, janaria, ardoa, kolore berdea. Han bizitzen naizen boladetan, berriz, txiki xamarra egiten zait, hotza, aspergarria, giro handirik gabekoa.

Schrödingerren katua bezala, nire herria aldi berean gauza bat da eta kontrakoa. Bizirik dago eta hil da nire burmuinean gordetzen dudan oroitzapen-kutxa txiki batean. Ez badut kutxa irekitzen, han egongo da beti niretzat, garbi-garbi, ukitu gabe, jaio nintzen egunean bezala. Aitaren begirada, amaren ahotsa eta arrebaren irribarrea berdin mantenduko dira mendeetan zehar, eliza abandonatu batean zutik geratzen den azken paretaren azken leihoaren azken kristala bezala. Hauskorra, menderaezina. Beltza eta zuria. Hiltzeko zorian eta bizitzaz betea. Ez badut inoiz erabakirik hartzen, ez badut ozen esaten nire herriaren izena, hilezkortasunaren sekretua bera ere asmatuko dut, heriotza menperatzeko errezeta soilik nire herriarekin partekatu, bion arteko sorginkeria.

Momentuz, hurrengo akelarrea datorren ostiralean ospatuko dut: abuztuaren 4an, ostirala, herriko bestak hasiko dira. Han egongo naiz, urtero bezala, alkandora zuri, zapi gorri, eguerdiko hamabietan, udaletxearen aurrean, gaitaz eta danborraz eta dantzarien birez gozatzen. Beharbada, orduan bai, seguru sentituko naiz eta, jendetzaren artean, nire herriaren izena esango dut. Zazpi letra, hiru silaba, eta une horretan lilura apurtuko da. Ez da inor konturatuko. Soilik nik jakingo dut behingoz nire herriaren misterioa. Maite ala gorroto dudan. Hemengoa naizen ala hangoa. Erantzuna nire herriaren eta bion arteko isilekoa izango da, nirekin hilobira eramango dudana.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.