Gai arantzatsu baten inguruan ari ginen bileran, elkarren arteko arazo bati zein irtenbide eman aztertzen. Ez genuen argi askorik ikusten. Halako batean, adiskideetako batek sententzia eskatologiko bat bota zuen, esanez arriskatu egin behar genuela: «Gizona dagoenean trantzean, galtzak eten atzean». Buelta honi eta jorra hura, azkenean hartu genituen hartu beharreko erabakiak, eta agur esan genion elkarri.
Etxerako bidean, elkartu gintuen arazoa burutik uxatu nahirik eta musika pixka baten premian, autoko irratia piztu nuen. Tertulia-kide batzuk ari ziren ETAren komunikatu berriaren inguruko solasean, alditan sutsu, alditan eszeptiko, alditan esperantzari leihoak zabaltzeko ahaleginean. Lagunaren esaldia etorri zitzaidan burura. Aurreko saio guztietako porrotek eskarmentu handia eman digutelako, oso humanoak dira etsipena eta zuhurtasuna. Baina iritsia baldin bada -azkenean!- galtzak eteteko trantzea?
HITZ BESTE
Trantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu