martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Tripetako mina auzitegietan

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Asteon, frankismoaren bukaeran eta trantsizioaren hasieran (1975-1976) torturak jasan zituzten sei herritarrek salaketa jarri dute auzitegian tortura haien erantzule egin duten Muñecas Guardia Zibileko kapitainaren aurka, bere garaian 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpean partu hartzeagatik kondenatu zutena.

A priori, ematen du oso ibilbide judizial laburra edukiko dutela salaketa horiek Espainian. Besterik da beste salaketa batzuk ere ikertzen ari den Servini magistratu argentinarrak salaketa horiekin egin lezakeena. Espainiako panorama ikusita —Hego Euskal Herrikoa ez da hobea, Pako Etxeberriaren taldeak egindako lan ikaragarriak ez duelako oraingoz ondorio judizialik eduki—, urte haietan eta ondorengo luzeetan torturak jasan zituztenek gogo gutxi edukiko dute bizipen larri haiek berritu eta paper juridiko batean jartzeko.

Horrela adierazi zuten Muñecasen aurka salaketa jarri berri dutenek, etengabeko mina sortzen duela itxi gabeko zauriak. Etsipen hori ulertuta ere, oso garrantzitsua da salaketa horien zirkulua itxi, eta etapa guztiak betetzea: salaketa publikoa, ikerketa zientifikoa eta salaketa judiziala. Garai batean egindako salaketak, edo orduan egin gabekoak, badauka orain oinarri forentsea eta zientifikoa Etxeberriaren ikerketaren ondorioz, eta komeni da, ondoren, salaketa auzitegietara eramatea, tripetako minarekin joan arren.

Ezinezkoa ematen du; Argentinan, Txilen, Uruguain, Mexikon, Brasilen... bezain ezinezko, baina herri horietan —ez denetan intentsitate berarekin— lortu dute, urte askoren ondoren, torturatzaile batzuk giltzapean jartzea, edo etxeko atxiloaldian egotea. Espainian, Amnistiaren Legea da aitzakia. Zenbat eta salaketa judizial gehiago, orduan eta errazago botako dugu pareta politiko hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.