Beti erakarri nau hamar bat kontrarioren aurka lehiatu behar duen xakelari bakartiaren irudiak. Taulari ondo begiratu, pieza bat mugitu eta beste mahai batera joaten da. Liturgia bera praktikatzen du han ere. Hamar bat jokalari, hamar bat joko-klase, hamar bat mundu. Eta xakelari bakartiak guztiak interpretatu behar ditu, eta interpretatutakoaren arabera mugitu behar du porrota ekar liezaiokeen pieza. Mahaietako bakoitzean dauka jokoa galtzeko arriskua. Mahai guztietako tranpak gainditu behar ditu, ordea, irabaziko badu.
Xakelari bakartiak taulari soilik begiratzen dio, inoiz ez lehiakideari. Balirudike beldur diola kontrarioaren begiradari, balirudike haien begiradak baino fidagarriagoa zaila taulan ikusten duena: huraxe du jokoaren plaza, bertako piezak ditu bizitzaren protagonistak, bertako mugimenduek laburbiltzen diote historia.
Jaungoiko bat litzateke, ez baleuka porrot egiteko arriskua.
Hitz beste
Xakelariarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu