Kaleko zabor biltzaile gehienek robot funtzionalaren estatusa dute hirietan. Han-hemenka hartutako poltsak irentsi, prentsatu eta bistatik urrun eramaten dizkiguten kamioi karrakarien luzapenak dira, beso mekanikoak, espresiorik gabeko automatak. Aurpegirik ere ez zaie gogoan hartzen, ez zaie aitortzen, buzoetan sartuta, eskularruak jantzita, beharrari emanak direnean.
Gure herrikoak, ezerekin konparatzekotan, kontainerretara joan-etorrietatik bizi diren saguak bezalakoxeak dira, begi arruntek inkontzienteki ekiditen dituzten etxe-abere diskretuak… Salbu eta haien arteko beteranoena, bere lana misiotzat hartua duelako, alkatea bera baino ezagunago izatera heldu dena. Kamioien lorratzari segitu beharra atzean utzita, gaikako biltegian behar zuen, zama astunak garraiatzearen poderioz bizkarra hondatu duten bere garaikideek bezala. Lan xamurragoak konplitzen dituzte haiek orain, ordutegi errazekoak eta sozialagoak, nahi bada. Tokitan baldin badaude ere, sarritan heltzen baitzaizkie bisitariak, etxeko tresna elektrikoak, bizikletak, jostailuak nahiz altzari hondatuak eskuetan dituztela, arreta eske. Eta psikoterapietan adituak nola, haien istorioak entzuten dituzte, zabortegira dakarten elementuaren nondik norakoak eta arrazoi sentimentalak, presa handirik hartu gabe eta sobera xehetasun emanda kontatzen dituzten ipuintxo domestikoak.
Esan bezala, gremioko salbuespena da beteranoa. Hark, autoak lantokirantz arrapaladan pasatzen direneko ordua izan edo eguerdiko buxadura garaia izan, auzorik baztertuenera heldu edo kale nagusitik pasa, kolpe zakarrean geldituko du kamioia. Baztertzeko lanik hartu gabe, atzetik datozenei bidea eragotziko die, ilaran itxaron araziko die, haien narda probokatuko du. Eta argiak keinuka jartzea nahikoa balitz bezala, ertzetik aurreratzen saiatzen hasten direnean, jauzi batean jaitsi, aurrez aurre tentetu, eta kamioiko atea zabal-zabal eginda utzita, desafioa botako die destainaz.
Halaxe, kontroletako polizia armatuen posturan zen gaur ere, prozesioko lehen autoko gidari marmartia begiz jo eta makurrarazteko zorian, udako kontratua besterik ez duen laguntzaile gazteak, epel horrek, traizioa egin dionean. Luzera eskaseko kalean laugarren aldiz gelditu behar izan duten gidariez ezin errukituago, txintik atera gabe kamioira igo, martxan jarri eta bi metro harago libre dagoen aparkalekura eraman du trabatik kenduta. Gidariek eskertu egin diote ahalegina. Beteranoak, berriz, paparretik heldu du. Umiliatzeagatik. Eguna izorratzeagatik. Bere urrezko legea ez errespetatzeagatik. Zeinak, hitz gutxitan esanda, gizarte honen gaitz endemikoari—zaborrari — lan zikina egiten diotenentzat —biltzaileentzat— errespetu gorena aldarrikatzen duen. Modu txarrean bada ere.
Uda beteko (p)lana
Zabor biltzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu