Azoka txikian ikusi nuen berriro ere, udako egun sargoritsuan. Tira, bera zela uste dut. Haize zakarrak arropak astintzen zizkion; izan ere, goitik behera zihoan jantzita, lurrerainoko gona, soingainekoa, denak berde ilunak; eskularruak, buru-estalkia, eta aurpegia ezkutatzeko oihala (nikab-a), beltzak. Begiak baino ez zitzaizkion ikusten.
Lehenengoz berarekin topo egiteak barrena irauli zidan. Agian, gure kulturan, pertsonaren ezaugarria delako aurpegia eta musu bakoek ez dutelako identitaterik. Zirrara eragiten badit ere, emakume horren aukera da horrela joatea. Denok daukagulako nahi dugun bezala janzteko eskubidea. Gogoak ematen digun moduan ibiltzeko, inongo presiorik gabe. Baina hau ez da hala, zoritxarrez.
Ez da horrela, kontrola existitzen delako. Eibarren familia musulmanak duela 40 urte daude etorrita lanera. Emakume batzuek zapia erabiltzen zuten, baina ez denek eta gutako edozeinek erabiliko genukeen legez, hondartzan edo garbiketak egiteko. Imana etorri arte. Orduan, bat-batean emakume guztiek aldatu zuten janzkera eta zapia: arropa nasaiagoak eta luzeagoak eta ilea osorik estalita, baita sama ere. Eta jakin badakit zelako presioak egiten dizkieten komunitateak zapia janzteko.
Horren adibidea Olinpiar Jokoetan izan dugu, Wojdan Shaherkani Saudi Arabiako judokaren aitak esan zuenean ez zuela alabak parte hartuko burua estali barik. Zer esango luke protagonistak, ordea? Ez dakigu, isilduta dagoelako.
Tematuta daude, baina, andrazko ilearekin! Ezin dugu ahaztu katolikoek orain 50 urte, elizan sartzeko mantelina behar zutela, eta mojek ere ilea estalita eraman dutela. Egia esatera, Eibarren ikusitako emakume estaliak eta mojek antzeko arropak janzten dituzte (aurpegikoa salbu). Biek kolore ilunak eta tristeak: marroiak, grisak, beltzak…antzekotasun gehiegi. Duela 30 urte kendu zuten burukoa moja askok eta eskola erlijiosoetan genbiltzanontzat modernitate haizea izan zen burua libre ikustea irakasleak.
Judu ortodoxoek ere ilea ezkutatu behar dute. Askotan zapiak erabili beharrean ile-ordeak edo kapelak erabiltzen badituzte ere. Moja (eta monje) budistek ere arradatzen dute burua. Erlijioek ez ezik, errepresioak ere izan du obsesioa ilearekin. Jakina da Francozaleek emakume askori kaskamotz laga arte moztu zietela adatsa. Zigor handia eta lotsagarria, denen bistan zegoelako. Tema hau andrazkoen irudiarekin, estereotipoarekin du zerikusia; zer den femeninoa eta zer ez.
Dena den, kasu guztietan zapia, kartzela beharrean, lagungarri ere izan liteke. Nikabduna ikusi eta Wojdan Shaherkanirena pasatu eta egun berean Uxue Barkosek gaixotasunaren zapia erantzi eta burua nola duen erakutsi digu. Kasualitatez, Terelu Campos Espainiako aurkezleak ere ile-ordea kendu du. Biek bularreko minbiziaren tratamenduak eragin die ile falta. Kasu bi hauetan zapia eta ile-ordea lagun izan dute, estalki, babesle. Dena ez da txarrerako izango!
Gerizpean
Zapia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu