Handik eta hemendik

Zientzia zientzia da

Imanol Murua Uria.
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Obama jauna, esan gure txotxongilo Mubaraki orain alde egiteko». Michael Moore zinemagileak, ostegun gauean, Twitterren.

Gehiegikeria izan liteke Mubaraki txotxongilo esatea, eta errazkeria, dena Washingtonen erabakitzen dela pentsatzea. Baina lerro hauek idazteko orduan, ostiral gauean, AEBetako Gobernua Egiptoko armadako buruekin negoziatzen ari da trantsizioa nola egin, eta Mubarak norako hegaldian sartu, Etxezurian iturri zuzenak dituen prentsak dioenez. Egiptoko Konstituzioaren arabera, presidenteak dimititzen badu, Parlamentuko buruak hartu behar du Estatuaren buruzagitza. Baina, Obamaren gobernuaren ikuspegiaren arabera, lehendakariorde izendatu berriak hartu beharko luke, iraileko hauteskundeak bitartean, gidaritza. Ea zeinek irabazten duen: Egiptoko Konstituzioak edo Washingtongo proposizioak.

Arrasto bat, apustua egin nahi duenarentzat. AEBek 1.500 milioi dolar ematen dizkiote urtero Egiptori laguntza militar gisa, munduan beste inori baino gehiago, Israel salbu. Eta etorkizuneandolar horiek nekez ikusiko dituztela badakite Egiptoko buruzagiek, Washintongo buruzagiek inbertsio horren onurak arriskuan egon daitezkeela susmatzen badute. Apustua segurutik egin nahi duenarentzat, badirudi Omar Suleiman lehendakariordea dela aukeratu beharreko zaldia.

Baina nor da Suleiman, Washingtonek konfiantza hori izateko? Jane Mayer kazetariaren The Dark Side liburuan dago erantzunaren zati bat. Gogoratzen irailaren 11ren osteko CIAren bahiketa eta hegaldi sekretuak? AEBetako zerbitzu sekretuek ehunka lagun bahitu zituzten, eta, sekretupean, beste herrialde batzuetako segurtasun indarrei entregatu zizkieten, nork bere metodoez galdeka zitzaten. CIAren atxilotu gehien Egiptok jaso zuen. Eta Egiptoko zerbitzu sekretuen burua, CIAren bahituen harreraren eta galdeketen arduradun nagusia, Suleiman zen.

CIAren eta Egiptoko zerbitzu sekretuen galdekatze metodoei buruzko xehetasunez betea dago Mayerren liburua. Ez dago hemen zehaztasun horietarako lekurik. Tortura hutsa. Ez da harritzekoa euskal irakurleoi ezagunak egitea The Dark Side-ko pasarte asko eta asko. Irribarrea ere eragiten du batek, bakarrak: «AEBetako agintariek behin eta berriro argudiatzen zuten Al Qaedako kideak tortura salaketak asmatzeko entrenatuta zeudela».

Liburuan, gaiztoak CIAkoak dira, eta zintzoak, FBIkoak. Halako batean, Abu Zubayda atxilotuari informazioa ateratzeko CIAkoak zer teknika erabiltzen ari ziren ohartuta, FBIkoek kontuak eskatu zizkioten CIAko taldeko arduradunari, James Mitchell sikologo militarrari.

Mitchell SERE egitasmoan lan egindakoa da: Survival, Evasion, Resistance, Escape. Jatorrian, tratu txarrak jasaten eta galdeketetan eusten laguntzeko ikastaroa, militarrak etsaien esku erortzen direnerako prestakuntza defentsiboa; baina, 2001eko irailaren 11z geroztik, beste helburu batzuetara bideratutako formazio eta ikerketa gunea. Han pilatutako ezagutza gogoan, Mitchellek ez zuen hitz askorik behar izan, kontuak eskatzen ari zitzaizkion FBIko bazter nahasleei erantzuteko: «Science is science».

Eta zientzia, jakina, unibertsala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.