Ipar Afrikako basamortuetako haize bortitzak zirimolaka hasten denean aurrean harrapatzen duen guztia airean eramaten du edo hareaz estali. Antzeko zerbait ari da gertatzen lurralde horietako herrietan. Izan ere, Tunisian hasitako herri erreboltak toki askotan iraultza demokratikoa gauzatzen ari dira, diktadurak abailduz eta erreforma sakonak bultzatuz. Iraultza horiek, beti bezala, odolez zipriztinduta jaio dira. Herriek odolez ordaindu dute kalea bere egitea. Harrigarria izan da ikustea errepresioak, herritarrak kikildu beharrean, ernegatu eta askatasunaren egarria areagotu egin duela. Une honetan Libian gertatzen ari dena dugu lekuko. Harritzen ez gaituena, baina bai lotsatzen, beren burua demokratatzat duten Europako estatuburuen jarrera da, eta, batez ere, Europako Batasunarena. Zein doilor, zuri eta nazkagarriak diren gure agintariak beren aliatuen aurrean! Ez nago batere pozik gertakizun horiekiko Europako ezkerraren jarrera pattalarekin ere, Euskal Herrikoarena barne. Gure fanetan eta zereginetan itota gabiltza askotan. Baina, hori guztia ezin da aitzakia izan gure jarrera zuritzeko. Euskal herriko ezkerrak bere tradizio internazionalistari eutsi behar dio, orain inoiz baino, eta Ipar Afrikako herriekiko elkartasun adierazi kalean ere.
Une honetan Libian gertatzen ari dena ikusita mutu eta geldi geratzeak ez du barkaziorik gure aldetik. Lagunok, arren, kalera! Eta kaleratze horretan, Saharako herriaren aldarrikapena ere ezin ahaztu.
Zuzendariari
Afrikako herriekin elkartasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu