Azkenaldiko tortura kasuen eta testigantzen ilara luzea ari da izaten. Torturak dagoeneko izen asko eta aurpegi gehiago ditu. Lantokiek gizarte txiki bat osatzen dute, eta aterpe berean ordu luzez egote hutsa zein proiektu berean parte hartzea elkarbizitza txiki bat da. Aitor Esnaola gure gizarte txikiko kide da. Aitor torturatua izan da. Tortura testigantza basatiak irakurri ondoren, ezin gara mutu egon. Sotoko espetxean delarik, bost egunean bizi izan dituen tortura basatien testigantza egin du. Polizia-etxean egon zen bitartean «30 aldiz hil» zela salatu du Aitorrek, baieztapen honek muga edo amildegi baten ertza azaleratzen digu, Aitorrek bizi izan duen infernuaren muga. Praktika hauek bizikidetza zibilizatu bati eta gizakiaren duintasunari egiten diete eraso. Legeak ezarritako mugak gainditzeak Zuzenbide Estatu ahul baten aurrean jartzen gaitu.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia bi aldiz kondenatu du tortura kasuak ez ikertzeagatik. Legea beste behin urra ez dezan, tortura kasuon ikerketa eskatu beharko genioke estatuari.
Aitorren lankideok inkomunikazioa gaitzesten dugu, eta torturak ekiditeko neurriak sistematikoki aplikatzeko eskatubeharrean gaude, ez aterpe honetan ez eta Euskal Herriko beste inongo etxetan tortura ez dadin sufrimendu iturri bihurtu.
Testigantza horiek sortutako zirrarak lankidea babestera bultzatu gaitu. Besterik ez bada, gure hitzen epeltasuna haren ziegara iristea nahi genuke. Besarkada estu bat, lankide!
Zuzendariari
Aitor Esnaolari gure epela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu