Inkomunikatuta geundenean zuen nahigabea agertu zenutenoi, postaz edo bisitetan gure ondoan izan zinetenoi, hainbeste herrietan Bai Udalbiltzari Sarea antolatu eta sustatu duzuenoi, senitarteko eta lagunei, Udalbiltza Elkartasuna Ekimena osatu eta babestu duzuenoi, Udalbiltzarekin ados egon gabe Udalbiltza bezalako ekimenak bultzatzeko eskubidea defendatu duzuenoi... Ezin ahaztu gure partidan, esku pilotan bezala, hogeita bi tanto jokoan ginela; epaileek, ordea, hogeian gelditu dute partida gure alde; edozein pilotariren ametsa hogeita bira ailegatzea delarik... Besarkadarik handiena Xabier Alegria eta Mirian Camposentzat. Ezin ahaztu aurretik sumario politikoetan zigortuak eta espetxeratuak izan diren pertsonak. Ezin ahaztu espetxeak hustearen eta herri honetako sufrikario mota guztiak amaitzeko erronkak guztion ahalegina eskatzen jarraitzen duela, marrazten hasi den eszenategi berria gorpuztu ahal izateko.
Ia zortzi urteko gurutze bidean pasatakoak gogorapenen errotara ur bizian datozkigu. Kabitu ezinezko gutun, argazki, bertso, kanta, keinu, sentipen, begirada, musu eta besarkada. Den-denekin zorretan gaude. Bagenekien Udalbitza ez zela gurea, herriarena zela. Orain, gutxien espero genuen lekutik etorri da berrespena. Etorri baino gehiago ekarri, zuen elkartasunak ekarri digu epairik argiena: Udalbiltza ASKE da, etorkizuna ilusioz harilkatzeko tresna ezin hobea, herriaren esku, herritarrek aukeratuta udal eta udal ordezkarien gidaritzapean. Bihotz-bihotzetik, eskerrik asko.
Zuzendariari
Auzipetuok, esker onez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu