Zuzendariari
Auzolagunen jangeletan kalitatea?
Haurrak jangelara eramaten dituen bikote bat gara. Mila kezka ditugu buruan, batez ere janariaren kalitate aldetik. Alde batera utzita, menuaren konposaketa; dieta hiperkalorikoak, maionesa, ketchupa... Nondik hornitzen da elikagaiak lortzeko auzolagun elkartea? Jaten dutenetik, zein portzentaje da produktu freskoa? Okela nondik dator? Eta arraina? Beldurturik gabiltza. Pangaarrainarena: zenbat denbora egon dira arrain kutsatu hau jaten? Non gelditzen da kalitatea?Eta osasuna?Jaurlaritzari eskatu nahiko genioke, apustu egin dezan elikagaien jatorria eta kalitatea zaintzeko.Pentsatzen dugu ordua dela haurren elikaduraren arduradun zuzenak direnak, apustu serio bat egiteko, alde ekonomikoari bakarrik begiratzeari utzi eta kalitatezko jangela zerbitzua eskain dezaten. Apustu horrek epe laburrera eta epe luzera onurak besterik ez dizkigu ekarriko. Alde batetik, bertako baserritarrei eta ekoizleei erosita, inguruko sektoreak indartuko dira, eta, luzera begira, haurren osasunean inbertitzea litzateke. Gero eta entzunagoak dira inguruko herrialdeetan, jangela ekologikoak edo eta bertako produktuez hornitutako jangelak. Gure ustez, bidea hori da, eta kantitate handietan ezinezkoa bada, erraztu ditzatela bideak eskolatan sukaldeak irekitzeko; horrela lanpostu gehiago ere sortuko genituzke, eta haurrek herrietako produktuak jango lituzkete. Halako aldaketa bat, bat-batean, zaila izango da. Baina, poliki-poliki... Bejondeiola, hordagoari eusten dionari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu