Aurreko batean, udaletxean artatu gintuzuen, zuen etxebizitza proiektua azaltzeko. Gure iritziak eta kezkak adierazi arren, ez zenituzten jaso, eta, orain, auzora etorri eta azalpen bera eman diguzue, diskurtsoa aldatu gabe.
Zuen proiektuak hobekuntzak ekarriko omen dizkigu: gure auzo txikian lekurik ez duen bidegorri bat, doako aparkalekuen ordez, 18.000 euro ordaindu beharreko plaza pribatuak, sarrera-irteera bakarra duen auzoan kotxe kopurua biderkatzea, eta oinarrizko zerbitzurik ez duen auzoan 250 etxebizitza gehiago egitea.
Baina, oraingoan, ehunka auzotarrek gure haserrea adierazi eta zuen lotsagabekeria leporatu dizuegu, eta hori ere entzun behar izan duzue. Proiektua birdimentsionatzeko modu bakarra promotorea indemnizatzea dela esan diguzue, bere eskubideak errespetatu behar direlako. Eta non daude auzotarron eskubideak?
Badakigu gurea ez dela auzo turistikoa, eta EAJk, zuek, hemen bozka gutxi lortu ohi dituzuela, dirua eta inposizioa baino bizigarritasuna eta elkarlana lehenesten ditugulako. Baina gure udaletxea ere bazarete, ezta?
Zuen jarrera ikusita, gurea erakusteko aurretik abestu genizuen bertsoa ekarriko dut:
AƱorga Txikin etxe berriak
egitera datozela.
Aizu, alkate, jakin ezazu
jendea kontran badela.
Masifikazio eta arriskuak,
auto ilarak, kolapsoak.
Auzo bizitza non dago?
A zer proiektu ustela!
Auzotarrekin landu ezean
paren izango garela.
ZUZENDARIARI
Auzotarrekin landu ezean...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu