Zuzendariari
Donostiako aquariuma eta hizkuntzak
Euskal Herriko eta are Euskadiko museoen artean Donostiako Aquariuma ez da hain segur okerrena dagoena euskarari ematen zaion tratamenduaren aldetik. Testu guztiak daude euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Esate baterako Iruñeko Baluarten Titanic erakusketa ikusi nuen, eta ez nuen nire hizkuntzarik ikusi eta hango langileen artean entzun ere. Baina Donostia Euskal Hiria da propagandak dioenez, eta ikuspegi horretatik, Donostiako aquariumeko hizkuntza alderdia ez dago espero zitekeen mailan. Batetik, idazkunetan akatsak daude: «Merkataluntzia», «merkataritza ontzia» beharrean; «arean bizia», «harean bizia» beharrean, «behei arraina», «behi arraina» beharrean; eta itzulpenetan ordain bitxiak irakurtzen dira, esaterako, «muy antigua», «aspaldi handikoa» edo: normalena eta egokiena oso aspaldikoa edo oso antzinakoa edo gisakoren bat denean, lehen irakurraldian gogoan hartu nuenez; ziur irakurketa pausatu batek desegokitasun gehiago nabarmenduko lituzkeela. Horretaz gain, idazkun batzuetan askoz errazagoa da gaztelaniaz irakurtzea euskaraz baino. Aquariuma berritua dago, eta testu aldetik ere berrikuntza behar du, euskarak Euskal Hirian dagokion maila izan dezan. Euskaldun arruntok zabarrak gara horrelako kontuetan denok dakizkigun hainbat arrazoi historiko-politiko-kultural tarteko. Donostiako aquariumak kexa gehiago jaso zain gelditu beharrean, aurreratu egin beharko luke eta etsenplu eman. Eskertuko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu