ZUZENDARIARI

Donostiako Zinemaldian euskaldunak 'estra'

Iñaki Lopez de Luzuriaga eta Joxemi Campillo.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Joan zaigu Donostiako Zinemaldia, pasa dira hainbat film Gipuzkoako hiriburuko aretoetatik, askotariko hizkuntzetan emanak. Bada, oso urria izan da Zinemaldiaren eskaintza oparoan euskaraz ikusi ahal izan duguna. Horratx: programazioaren %10a soilik ikusi ahal izan da euskaraz (ele bitan edo euskarara azpidatzita).

Zinemaldiaren araudiak argi dio 6. artikuluan: emanaldi guztiak eskaini behar dira gazteleraz edo gazteleraz azpidatzita. Eta euskara? Missing, aipamenik ez. Zortzi milioi euroko aurrekontua (erdia baino gehiago diru publikoa) duen eta Euskal Herrian ospatzen den jaialdi batek euskaldunoi ezikusia egin digu berriz ere...

Irailaren 24an, larunbat arratsaldean, genuen zinemazaleok hitzordua eta film maratoia belodromoan, Kursaaleko galarekin zuzeneko konexioan. Bada, ekitaldiaren aurkezlea euskaraz hasi bezain laster, ahotsa lotsagabe estali zioten gaztelaniazko bat-bateko bikoizketaz, hizkuntza arrotz batean ari denari egin ohi zaion bezala.

Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra eraman zuen Los reyes del mundo filmak, Kolonbiako gaztelania kaletarrean antzeztua. Herritar baztertuen aldeko sentsibilitatea erakusten duen film horretan, bazter geratu ginen euskaldunak berriz ere, eta mezua egungo hizkuntza hegemoniko(et)an helarazi ziguten: azpidatziak gaztelaniaz. Badaezpada, hala ere, lasai, izan ere, pantaila azpian azpidatzi gehigarriak bazituen: ingelesez.

Euskaldun batzuk pantailak euskaraz erreklamatzeko elkarretaratu ginen Kursaal aurrean, gure hizkuntzaz bizi eta pantailetan ikusteko apustu sendo baten alde. Donostiako Zinemaldiak, ostera, beste irudi eta pedagogia negargarri bat utzi digu.

Zein erakunde publikok parte hartu dute Donostiako Zinemaldia babesten (euskaldunei utikan egiten)? Noizko pantailetan ere gure hizkuntzan normaltasunez bizitzeko eskubidea? Noizko Zinemaldian euskaldunekiko begirunea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.