Zuzendariari
Egoera poliedrikoa
Hauek dira, nik ikusten dudanez, egoera poliedrikoaren pieza nagusi batzuk:Eraso-tsunamitarra, etorri badatorrena, nahiz eta lehen kiratsetan egon. Krisi sistemikoa. Auzia ez da krisitik irtetea, krisitik kapital tiranorik gabe irtetea baizik.
Bide horretan lehen urratsak, lehen probak egiten ari gara. Greziako, Frantziako, Lituaniako, Euskal Herriko, Andaluziako, Bierzoko (meatzarien) greba orokorrak, hainbeste lekutako manifestazio erraldoiak.... Frantzian irailaren 7an eta 23an Greba Orokorrak; Irailaren 29an, Europa mailako krisiaren aurkako lehen borroka deialdia; egun berean Grezian eta Espainian Greba Orokorra...
Kapitalaren eta morroi politiko mediatikoen eraso eskandalagarria sindikatu mota guztien aurkakoa. Sindikalgintzaren erruak eta ustelkeriak aprobetxatuz, ustelkeriaren ekoizleak eta praktikanteak -patronala, gobernu, hedabideen kirats ustelak parlamentu guztiak harrapatuak ditu- ari dira giroa pozoitzen. Eraso bikoitza bada: kapital akumulazioaren bermea lortzeko langileak, langabeak, pentsionistak, ikasleak, emakumeak, lurra bera ustiatzeko planak; eta horren harira, erresistentzia mota guztiak -baita sindikatu orain arte salduen ahalegintxoak ere- erridikulizatzeko, kriminalizatzeko, baztertzeko eta borrokaren kontrako espiritu neofaxistaren sustapena.
Une honetan kontraerasoaren -langileriaren eta herri xume osoaren esperantzaren- batailoiak, borrokarako adostasuna, beharra, nahia agerian jartzen hasia da; baina baita ere grebarako deia egin duten sindikatuen zuzendaritzarekiko mesfidantza metatuak, makineria desengrasatua, beldurra, borroka-sinesmen gutxi, egoeraz harrapaturiko prekario eta immigranteak...
Panorama honetan, UGT eta CCOO sindikatuetako militante zintzo asko, CGT, Sindicato Obrero del Campo, Asturiasko ezker sindikala, Madrilgo Renfe Sindikatua,Bartzelona-Madril Garraio Urbanoen Sindikatua, Bierzoko meatzariak, Espainiako Estatuko Estibatzaileen Koordinadora, Madrileko Kazetarien Sindikatua, etorkinen erakunde asko... grebara doaz Espainiako Estatuan. Eta lehia orokorraren muinean honako hau: gai izango al gara Europa osoan sindikalismo borrokalari eta iraultzailea agerrarazteko eta alternatiba politiko iraultzailea sorrarazteko?
Egun hauetan, krisia hasi zenetik, bi esperientzia berri egiteko aukera dugu: Europako langileriaren batasuna borrokan, eta europar batasun borrokalaria garrantzi osokoa izango da hurrengo urteetan; Espainiako Estatuko korronte borrokalariaren agerpen komunaren esperientzia. Eta aliantza hori erabakigarria izango da datozen urteetako politika sindikal eta politika orokorrean -Autodeterminazioan, Memoria Historikoan, Errepublikan, Askatasun Demokratikoetan, Batasun Europarra iraultzeko, NATOtik askatzeko....-.
Horrela panorama, nik, bihar, Greba Orokorra egingo dut.Eta nire pena aireratu nahi dut: zergatik ez daude, egun horretan, batailoi horien guztien artean, orain arteko borrokak gehien bultzatu dituzten eta horregatik jende askorentzat hemen eta kanpoan erreferentzia diren ELA eta LAB sindikatuak? Nire ustez, okasio ederra ari dira alferrik pasatzen uzten... eta egoera honek badu bere garrantzia.
Joseba Barriola. Errenteria.
Luis Astorkia Izagirreri, begirunez
Jaun titulubako ikasle kutsatzaile euskañol hori:Leheniketa behin, eskerrak eman gura dizkiat Euskalfilologiadun Txit Goren legez eman didaan tratamenduagatik. Izan ere, Sestaoko Udal Euskaltegiko Euskalfilologiabako irakasle kutsatzaile euskañol batengandik ez nian gutxiago espero, euskararen karrera gure gogoz eta borondatez egin dugunoi diguan begirunea eta miresmena kontuan harturik.
Gaur, ostera, ez natorrek egurra ematera. Izan ere, estimatzekoa duk hik duan gradua eta dedikazioa, eta ironia punturik ezarri barik esaten diat, ondo baitakigu zer den hiri erdaldun batean euskalduntze lana burutzea, eta Sestao ez duk euli kaka, gero! Gure hirietan, euskararen hainbat langile eta militanteezagutu ditiat ,eta haiekin lan egiteko ohorea izan diat, tituludunak izan ala titulubakoak izan haiengandik asko ikasirik, dakidan gehiena esango niake. Haien ondoan egon nauk lanean atsegin handiz, eta une horietan inoiz ez zaidak burutik pasatu inor baino gehiago izan nintekeenik. Are gehiago, haien esperientzia eta dedikazio handia ikusirik, txiki sentitu nauk, txiki eta ezgauza zenbait lan eta kontu kudeatzeko.
Edozelan ere, dedikazio eta prestutasun handiko hainbat langileren ondoan, erretolika euskañoldun hainbat irakasle ere bazebilek, eta hori ezin didak ukatu. Gorritu barik esan zezakeat gure artean jende mota bat dabilela ikasteko eta irakasteko ezelako motibazio barik, eta inguruko ikasleak benetan kutsatzen eta desmotibatzen, inorenak diren lanpostuak betetzen. Horretaz ez duk ez euskaltegi, ez ikastola, ez ikastetxerik libratzen. Eta zer esan institutuez eta unibertsitateez!
Amaieran sumindura eta samindura aipatzen dituk, eta arrazoi faltarik ez duk. Ezin diat ukatu barruan horrelako zerbait badudala, baina ez hik kobratzen duan soldatagatik (oraindikarren nire nominan ikusi ez dudana), edo halako hiru edo lau gehiago ez kobratzeagatik, azken batean dirua datorren moduan joan ere egiten duk eta.Eskatzen dudan bakarra zera duk: euskararen karrera egin dugunoi dagokigun maila aitortzea, HE3 eta HE4 moduko titulu antzu eta faltsuekin adarrik ez jotzea, alegia. Hik dioan legez, bizitza ez duk justua, baina egia da justuagoa izan daitekeena, eta gaurdanik hasi ahal gaituk justizia horren alde borrokatzen, mespretxuaren putzutik ateratzen behintzat. Izan ere, gizakiok gurea dena hobetzeko ahaleginik egin ez bagenu, oraindik ere erdi-aroangeundekek. Historiari begira,tamalez gure politikari txit goren horiek hala gura izan gaitiztek, menpeko eta esaneko.
Bukatzeko, agur eta ohore euskararen aldeko langile eta militante guztiei, eta nire mespretxurik handiena orain arte erakundeetan agintari izan ditugun politikari eta kudeatzaile gehienei, euskarari eta euskal kulturari ezelako estimurik izan ez dietenak, haiek barik gure arteko eztabaida ez baitzen posible izango.
Josu Gotzon Landeta. Irakaslea.