ZUZENDARIARI

Elena eta Xabier, a ze pareta!

Xabier Eizagirre Landa.
Donostia
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun

Ustekabeko atsegina, benetan, lehengo igandean ETB Kantxa-ko esatari Elena Azpeitiak eta Xabier Euzkitzek eman zigutena Bilboko Bizkaia pilotalekutik. Hika, alajaina! Aspaldian entzungabeak ginen bat-bateko hika-jardunik ETBn, Joxean Tolosa saiotik desagertu zenetik edo. Baina igandekoan, hara non, Elena Azpeitia bera izan zen Xabierri puntua hika, nolabait esanda, jarri ziona: «Neu ere buruz burukoaren zale amorratua nauk, e, Xabier!». Eta hark segi: «Elordi eta Etxeberria izango ditun, beharbada, faboritoak, baina...». Jarraipena zuka eman zioten, ikus-entzuleei zuzenduta, behar den legez. Hasierako hika-ahalegintxoak, ordea, badu bere balioa, estreinakoa eta ausarta izan baitzen; aukera izan genuen elkarrizketa erreal batean emakume-gizonezko bi bata besteari hika hitz egiten entzuteko. Hitanoaren bi paretak jo zituzten toka eta noka, ederki asko.

 

Bejondainala, Elena. Ez dun meritu makala urratsa eman izana, ikusita zein zokoratua dugun euskaldunok emakumeen arteko hika-jarduna; garbi erakutsiz, bide batez, hitanoa ez dela «gizonen» gauza bakarrik. Hautsi dun madarikazioa, edo tabua, edo, nire ustez, bereizkeria, emakumeak luzaroan isilarazi dituen euskarazko bereizkeria. Eredua eman dun, ordea. Ea jarraipenik duen.

Bejondaiala, Xabier, lehen ere hika-ahaleginean aditu haugu, baina ez genian, neuk behintzat oraindik, emakumeari hika (noka, alegia) egin dioanik ezagutzen telebistako jardunean. Ederki bereizten dituk, gainera, zer den zuen lagunarteko edo hurbileko jarduna eta, gero, ikus-entzuleokin darabilkian zukako jardun formala.

Gainera, ez zarete bakarrak hiketan frontoian; azkenaldiko botilero gazteak ere (mutilak, hori bai) ederki asko aritzen dira hika haien pilotariei laguntzen. Ai nesken artean ere antzekorik entzuteko parada bagenu luze baino lehen!

Eta Bizkaia frontoira itzuliz, Abel Barriola goian aipatu dugun elkarrizketatik pixka bat apartexeago geratu bazen ere, baliteke hurrengo baterako hark ere ezusteko atsegin bat ematea, hiketako bi pareta joaz. Pilotari profesional zen garaikoak bezala jotzen baditu, hika ere dotore egin dezake.

Hasi zarete hasi. Segi orain etenik gabe eredu onari, eta zorionak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.