ZUZENDARIARI

Euskarafobiari Stop errateko elkarretaratzea

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Eskandalua da: Nafarroako Administrazio Auzitegiak lanpostu elebidunak debekatu ditu edo euskararen merezimendua kendu du Antsoainen, Atarrabian, Berriobeitin, Berriozarren, Lizarran, Orkoienen, Zizurren... Erasoa etengabea da. Hori justifikatzeko, Euskararen Legea aipatu du, besteak beste. Ba hona hemen zer dioen Euskararen Legeak (17. artikulua) eremu mistoko administrazioez:

«Erabilera eremu mistoan:

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea».

Euskararen Legea oso mugatzailea izan arren, sinestezina bada ere Nafarroako Administrazio Auzitegiak lege hori behin eta berriz urratzen du.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiaren beste adibide garbi bat:

Herritar batek salatu zuen Iruñeko Udalaren sozietate publiko batek ez zuela Euskararen Ordenantza betetzen, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2020ko martxoaren 10ean, 569. ebazpenaren bidez, esan zuen ez zuela eskumenik sozietate publikoen gainean. Sei orrialdetan argudiatu zuen eskumenik eza.

Bada, 2021ean, Navarra Sumak salatu zuen Berriozarko Berrikilan sozietate publikoak baztertu egiten zituela euskaraz ez zekitenak, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak besterik gabe eman zion arrazoia, 2021eko ekainaren 30ean, 1118. ebazpenaren bidez.

Eta bi kasuetan, hiru mahaikideetatik bi berberak ziren: Gabriel Casajus eta Raul-Antonio Cruzado. Memoria arazoak al zituzten? (Nafarroako Administrazio Auzitegian ez dago epailerik, mahaikideek ematen dituzte ebazpenak).

Zuri ere onartezina iruditzen bazaizu, zatoz azaroaren 4an (ostiral honetan), 18:30ean, protesta egitera Nafarroako Administrazio Auzitegiaren egoitzara (Ezkirotz karrikan, Iturrama karrikarekin elkartzen den tokian). Stop Nafarroako Administrazio Auzitegiaren euskarafobiari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.