Zuzendariari
Ezker abertzalea eta euskara
Beti pentsatu izan dut politikagintzan diharduten eragile edo norbanakoek defendatzen dituzten ideien eredu izan behar dutela, gizarteko egoera aldatu nahi duten neurrian, sinesgarri bihurtzeko. Ez dut uste hori ondo betetzen denik Ezker Abertzalearen jarduera publikoan, behintzat euskararen alorrari dagokionez. Erdarazko bertsioa jotzen da garrantzitsutzat. Prentsaurreko, elkarrizketa, edo dena delakoetan, euskararen eta erdararen «parekotasun» iruzurtia eskaintzen zaigu, askotan nazio mailako bozeramaileen eskutik datozenean. Esate baterako, ekitaldi gehienetan, edonon izanda ere, testu berbera oso-osorik entzun behar izaten da hizkuntza bietan. Eta bestela, euskara aurkezpen orokorretarako erabiltzen da eta mamia erdaraz ematen da —euskaldunak gogaitzeak ez, erdaldun abertzaleei euskara ikasteko bultzada emateak kezkatzen gaitu—. Info 7 Irratian —hona dakart berau Ezker Abertzaleko ideologiatik abiatutako komunikabide berriena delako—, goizeko albistegi garrantzitsuenak eta prentsari emandako errepasoa erdara garbian dira. Non geratu zaigu ausardia? Orain ere, independentista bakoitzak independentzia egunero eraiki eta gauzatu behar duela esaten digutenek ez dute lotsarik aldarria erdara hutsean argitaratzeko. Esango nuke, eta badakit ez naizela bakarra, Ezker Abertzaleak euskararen aldeko borrokan aitzindari eta eredu izateko deia hobeto bereganatu behar duela eta bere lanean ikusgarriago eta ausartago jokatu behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu