Segura

Ezkilen elegia

Elur Telleria
2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

Eztittugula gehio aittuko, gau-kanpaiak hil diela...

Arragoa ginenetik tantonka... Burdinoletako sutzarretan jaioak omen ziren, brontzezko malkoak lehortu eta errementari beltzen esku zartatuetan goxatuak. Bi jolas harmoniko berdin egitea ezinezkoa... Igaro zuten zeruratzea, setio amaigabeak, gudaroste herrikoien kanoi bihurtzeko galdaketak, begitarteko orratzen sastada, tipulazko goseteak... Orainaren ahanztea ezin garaitu, ordea.

Arranoengandik ihes, eperraren udazkeneko ulua. Artoa behar zuten sailetan harri bustien distira, orbel lurzorutik lanbroaren esnaera, zeruertzeko argiñabarrean erditze intziri lazgarriak, harkaitz gorrien irmotasunean, xirimiri epelen murmurio malenkoniatsua.

Ilargi amandrea, zeruan ze berri? Zeruan berri onak orain eta beti. Ortziaren gailurrean zilarrezko osin sakona ñir-ñir harresi zaharra miazten, uretan kantari. Haize-enbata eztainuzko hasperen hezez laztan hariztietako hosto idorretan... Betiereko iturburu aratza bailitzan, bazen doinu ahantzi hau errimatzen zuenik... Burdinazko taupada hauek izan dira mende zainetan garotean gazte amorosen dardara, basabidean behera amagoien kriseilu, haurren loaren txintxirrin, aitajaunen oihartzun, arimen aiene, larreen epaile, suaren mezulari. Denboran, ametsontzi.

Arestian berezko izenen etxe eta kale, lurrinezko basetxe, erramuzko errotarri, armarrien jauregi, huntzezko dorretxe, zikoinen gotorleku... Heiek zuten mintzaera... Bular higatuen esne, uzta urrien oihu, sutondoko elezaharren txalo. Anaia bakartuen itxaropen, erromerietako gar, ezteietako txistu eta atabal. Azken iluntzeen sinfonia...

Zuhur-hitz batek zioen kanpandorrea geldirik duen herria hilik dela...

Arrats luzeen txorrotxioa. Ilargi-erdiak izar uxoen abiadan dantzan. Badoaz hoska zebiltzan moko txiki, papar zuriak. Udaberririk gabeko hegaldia bailitzan, joango zaizkigu oinkada fededunak, haur-jolas sustraitsuak, argi-urratze eta angelusa, odol handien mamia eta goiz eguzkitsuetako tantonak. Agureen gauetako samina da haien hilotza.

CLX. Zenbat elurte? Ezkilazain, zure oinatzak dira bide, eta besterik ez... Urertzeko makal urretsuetan dabilen ibiltari hark jakingo du nondik entzungo diren kanpaien hil- kanpaiak...

Aurrerapen eta ongizate ala karranka eta sikate? Norengatik hil-kanpaiak? Zugatik... Ixilik. Arragoa...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.