ETAk bete al du, ez du... Gernika, Brusela? Iruñea, Altsasu, Anoeta, Lizarra.... akordio eta izpiritu toponimiaz beteta daude lehen ere kajoiak, baina bidea da garrantzitsua, ez horietako bakoitza helmugatzat jotzea. Orain eta beti, borondate zintzoak biltzea garrantzitsu:
Azken hitza nork esango duen, etekina nork aterako... «Politikeria» garaiak alboratzea zein desiragarri eta zein irreala uneotan, entzundakoak entzunda.
Baina ezin itxaropenik galdu, denok seko ergelduta ez bagabiltza behinik behin, zer edo zer izango da, ez bedi behintzat «egin dezazuen zuek» izan. ETA amaitu orduko, esku bete lan... gorrotoari begietara so irmo, beldurrak eta aitortu ezinak astintzen, zauriak sendatu eta zubiak berreraikitzen, adiskidetzen, arerio amorratuaren konplizitateak bilatzen hobe beharraren alde. ETArik ez dagoenean abertzaleak batuago ala... oilategian gero eta oilar gehiagorekin, nor bere bizkarreko judastxoa urkatu ezinik? ETA ostean benetan sinetsiko al dugu Euskal Herriaren askatasun eskubidean? ETAren aitzakia bukatzen denean, gaiztoak oporretan doazenean zer egingo zintzook? Eta bai, behar lukeen bezala, gizalegez, komentzimenduz/komentzituz, bakebidez, hitzez baina sakrifizio gaitasunez, inork jarriko al du arriska dezakeenaren partetxo bat sikiera... aldarrikatzen omen dituen ideal horien alde?
Ez dakit ETAk horretan sinetsiko duen, geuk sinestea eta ekitea da hemen kontua. Bestela, lupa hartuta bihar hor izango ditugu berriro bilobak: «Brusela, Gernika, Gaintxurizketa... bete ote dute?».
Zuzendariari
Gernika, Brusela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu