ZUZENDARIARI

Iruña-Veleia: Arabako Aldundiak irainduz eta gutxietsiz erantzun du

Josetxo Mendia.
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
SOS Iruña-Veleia eta Iruña-Veleia Martxan elkarteek jarritako salaketaren aurrean, Aldundiak irainean eta deskalifikazioan baino ez du oinarritu bere erantzuna, elkarte hauek negazionistatzat eta konspiranoikotzat hartuta.

Aipatu salaketa harresia sendotzeko lanetan hondeamakina neurririk gabe erabiltzeagatik jarri genuen. Sendotze lanok egiteko, hiru metro zabal den eta metro bateko sakonera duen lubakia zabaldu dute harresiaren barnealdean. Horretaz gain, ate txikiaren inguruan, hamar metro luze, sei metro zabal eta hiru metro eta erdi sakon den «indusketa» bat egin dute. Hori guztia hondeamakina soilik erabiliz.

Geografia eta Historian Doktorea den Xabier Gorrotxategiren txostenak dioenez, hau ezin daiteke arkeologia lan gisa hartu, aztarnategiko zati baten suntsiketa gisa baizik. Harresi honi atxikita hainbat eraikin daude. 1975. urtean Elortzak eginiko indusketetan eta ondoren Lurmenek burututakoetan agerian geratu zen bezala. Guzti horiek suntsitu dituzte, hondeamakinak azaleko lur geruza baino askoz sakonera handiagoa zulatu baitu.

Auzitan dauden grafitoei proba arkeometrikoak egiteko eskatzen dugu (termolumineszentzia, karbonato kaltzikoen analisia, C-14), behingoz haien benetakotasuna edo faltsutasuna argitu dadin. Aldundiaren erantzuna epaiketa bat egin dela esatea izan da, epaiari errekurtsoa jarri bazaio ere.

Epaia aztertutako piezetan metal modernoen arrastoak topatzean oinarritzen da. Inoiz ez da horrelako metodorik erabili pieza arkeologiko baten benetakotasuna argitzeko. Are gutxiago pieza hauei lekuko eta kontraste probarik egiten ez bazaie, epaiketan zehar argi geratu zenez.

Lekuko probak, balekotzat emandako beste aztarnategiko piezetan, zenbait metal modernoren arrastoak daudela esaten digu. Metal mota pilo bat atxiki daitezke garbitze, behatze, garraio eta abarreko lanetan. Zeramika puska bat hartu eta gainean grafito bat eginez, ikusi daiteke zenbat metal arrasto uzten duen bertan. Albisu geologoak epaiketan adierazi zuenez, Iruña-Veleiakoek dutena baino hamar bider gehiago. Hori da kontraste proba.

Hau dela eta, errespetu gehiago eskatzen diogu Aldundiari. Baita gatazka hau bide zientifikotik argitu eta guztion altxorra den Iruña-Veleiako aztarnategia irizpide arkeologikoekin induskatu dezala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.