Zuzendariari

Izotz ondoko eguzki

2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Gaua Venezian emanda, Veneto-ko hiriburutik Verona-rako bidea hartu dugu. Strada-ren, autopistaren alde banatan mahastiak eta mahastiak, ihintzaz zipriztinduak. Tenperaturarik gabeko goiza: 0 gradu kanpoaldean, buseko termometroak salatzen duenari kasu egitera. Venezia-tik Verona-rako bide oso-osoa sakelako telefonoz hizketan eman du buseko gidariak. Ordubete, aise, hitz eta pitz. Italian ez omen dago debekatuta sakelako telefonoz aritzea gidatzen duzularik. Buseko gidari italiarren inguruko mito guztiak egiazkoak direla berresteko aukera paregabea.

Buseko lehiotik begira ari naizelarik, eguzkiaren izpi batzuek argitzen dute inguru izoztua: Izotz ondoko eguzki. Ezinezkoa gogoratzea Lizardiren poema osoa gidariaren kalaka gogaikarria dela bide... Hasierako bertsoaz aparte, ez dut besterik gogoan: Izotz ondoko eguzki. Veronan, busetik jaisterakoan, gidariak galdetu digu:

—Spagnoli?

—Ez, basqui.

—A, basqui, separatisti!

Jatorra, gidaria.

Veronan, bero onik ez, hotz handia baizik. Piazza Bra-runtz abiatu gara oinez eta orduan etorri zait burura Xabier Lete zenaren ahotsarekin.

Izotz-ondoko eguzki,

neguaren farre:

olerkariak noizbait

hiri goratzarre.

Emeki duk itxaroz piztu

garai-larre:

udaberri-lamiek

larreon batzarre.

Eta Euskal Herrira itzulita, Euskadi Ta Askatasunaren su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria: Izotz ondoko eguzki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.