Berango

Jatea bezain beharrezkoak

Eneritz López Bikandi
2024ko apirilaren 17a
17:30
Entzun

Edozein sukaldaritzak du esperimentazio puntu bat. Jakina, hamaika errezeta dago hortik kontsultagai, baina nork bere ukitua jartzen dio beti, eta hobetzeko ez dago beste biderik probatzea baino, hanka sartzea, eta ozta berriro saiatzea. Orain dela bi urte, jarrera horrekin, ortu komunitario bat abiarazi genuen zortzi hektareako lursail bat berreskuratuz. Bertan 500 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi dituzte, 30 milioiko pelotazo urbanistiko hutsa. Hala hasi zen Otxantegi Herri Lurra proiektua Otxandategi dorretxearen parean: elikadura burujabetzaren aldarria eztarrian, lubaki eder bihurtuta Uribe Kosta goitik behera birrintzen ari den espekulazioaren aurkako guduan.

Zenbat naturagune galdu dugu betiko azken urteotan espekulazio urbanistikoaren arrabolak hilobiratuta? Eta halere etxebizitza baterako sarbidea buruhaustea da oraindik ere gehienontzat, are ezinezkoa sarri. Berangoko Udalaren egungo HAPOak 2.300 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, ia udalerria bikoiztea. Enpresa eraikitzaileak eztitan eta pozez txoratzen dauzkate hazkuntza honekin, baita lur-jabe handiak ere, besteak beste Agirre-Lipperheide familia.

Gure herriak, gure espazio naturalak, milioika euroko negozio bihurtzen dituzte gutxi batzuen probetxurako, gehiengoaren orainaren eta etorkizunaren bizkarretik. Udal-gobernuaren planetan ez dago alokairu sozialaren arrastorik ere, ezta herriko ekipamenduak handitzeko aurreikuspenik ere, kiroldegia edo eskola, kasu. Mapa grisak marrazten dizkigute, merkataritza gunez josiak, eraikin blokez, errepidez nahiz parkingez; bizimodu tristeetara bultzatzen gaituzte, etxetik lantokira, lantokitik etxera, eta kontsumora bortxatzen gaituzte asebetetze emozio izpi bat sentitzeko.

Otxantegin bestela elkartzearen bizipoza ezagutu dugu. Geure bizimoduaren jabeago izaten saiatu gara, ahoratzen dugun horretatik hasita. Gaur-gaurkoz nekazaritza-munduarekiko bizi dugun deskonexioa itzela da, eta, beraz, sistema ekonomikoarekiko mendekotasuna erabatekoa. Ezin dugu erabaki zer jaten dugun, nola, zein baldintzatan ekoizten dugun, non kontsumitzen dugun. Merkatuaren apetek erabakitzen dute gure ordez, hipermerkatuen diktadurak, inflazioaren zigorrek.

Kalkulatzen da sistema agroindustrialek isurtzen dutela munduko berotegi-efektuko gasen herena. Gainera, sektoreko langileen baldintza penagarriak sasoiz sasoi errepikatzen dira ustiategi handietan. Munduko arazoa dirudien arren, auzia etxeko atean hasten da. Porlanpean ostentzen duten lursail emankor metro bakoitza eredu agroindustrial batera lotzen gaituen katebegi bat da, eredu bidegabe bezain ekologikoki jasangaitz batera. Berangoko hiri-antolaketa plana adibide bat baizik ez da, eta horrek bakarrik 40 hektarea berdegune eta lur emankor suntsitu nahi ditu.

Buruan dugun aldaketa askoz handiagoa da defendatzen tematu garen lursailak baino, eta tinko jarraituko dugu borrokan berau posible egiteko. Bien bitartean, jatea bezain beharrezkoak dira mundu berri eta egingarri bat entseatzeko espazioak; sortzeko, elkartzeko, esperimentatzeko. Apirilaren 18an gure sukalde txikitik indarrez kanporatu nahi gaituzte, gure sute kuttunetik. Guk defendatu egingo dugu, bizia bera dagoelako jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.