Zuzendariari
Justiziaren izenean, berriz ere, Isabel Zelaa sailburuari
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako jantokietan aplikatzen diren diru-bereizketen kontura gutun bat idatzi nuen iaz, egunkari honetan bertan, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak ez zidan kasurik egin. Ez dut etsi nahi.Eskoletatik urrun bizi diren umeentzat (bi kilometro baino gehiagora bizi direnentzat) eskolako jantokia merkeagoa da. Aurten 1,20 euro gutxiago ordaintzen dute egunero jantokian bazkaltzeagatik. Beno, edo guk, herrian bizi garenok, 1,20 euro gehiago ordaintzen dugu gure umeen eguneroko menua. Sei euro gehiago astero. Ez da zilegi, ez da zuzena.
Bere garaian bazuen zentzua, bere zergatia; herritik urrun bizi ziren ia bakarrak baserritarrak zirelako. Familia umilak, gainera, kasu gehienetan. Eurek bertan zeuden, han zuten bizilekua. Gobernuarentzat garestia eta umeentzat nekagarria suertatzen zen autobusa eguerdian ere antolatzea. Handik dator jantokiko diru-bereizketa.
Nor bizi da egun, ehuneko handi batean, herritik kanpo? Txaletak, adosatuak edota -nekazaritzatik bizi ez badira ere- baserriak polito eraberritu dituztenak. Jende aberatsa da, ehuneko handi batean. Salbuespenak salbuespen, egongo dira eta, jende hori guztiori ez zegoen behartuta han bizitzera, nahita eta gustura joan baita urrun bizitzera, horrek guztiorrek dakarrena kontuan hartuta.
Ez da inbidia kontua. Justizia kontua dela deritzot. Gure kasuan -egun guraso andanarena ere badena-, gure umeek derrigorrez bazkaldu behar dute jantokian, bazkaria etxean eman beharko bagenie gurasoon lanpostuak kolokan egongo liratekeelako.
Araua goitik behera berraztertzea edo bertan behera uztea proposatu nizun iaz, Zelaa anderea, eta gauza bera eskatuko dizut aurten ere. Garaiak aldatu egin dira eta egoera hauek ere aldatzeko garaia dela uste baitut.
Nire proposamena aurrera aterako balitz, aurreztuko liratekeen sosekin jantokietan zaintzaile kopurua handitzea proposatuko nizuke. Gauza jakina baita eskoletako jantokietan dauden zaintzaileak estu eta larri ibiltzen direla umeak behar den moduan gobernatzeko.
Justiziaren izenean, oraingoan bai, kasu egingo didazulakoan.
Karlos Eriz Arando. Gurasoa (Elorrio).
Josu Gotzon Landetari erantzunez
Josu Gotzon Landeta jaun txit goren eta euskalfilologiadun horri:Lehengo larunbateko zure gutunean aitaturiko «edozein behargin euskañoletako» bat naiz ni, dagoeneko hogeita lau urtez helduei euskara irakasten ibilita. Baina zure ustez, euskara ezegokia eta pobrea kutsatu baino ez dut egin.
Zeu ibili izan bazina, ostera, a zelango euskaradun aberatsak eta egokiak aterako ziren!Zeure esku leun eta samurren ferekak jasoko zituzten nire «atzaparrenak» barik. Gainera, zuk, «lan-merkatuan galduta» ibili beharrean, nire soldata eskastxo honen ordez (2.000 euro likido hilean, 14 paga, bi hilabeteko oporraldia udan, irail osoan ia ia antzera -fitxatu arren-, Gabonetako eta Aste Santuko hamabostaldiak, urtean zehar izaten diren jai-zubiak ....) halako bi edo hiru edo lau , gutxienez, kobratuko zenuke (zeure jakinduriaren tamainakoa, mesedez), eta hainbat liberazio eta baimen lortuko zenituzke ikastaro bereziak eta graduondokoak egiteko, zeure euskara-maila goren hori are landuagoa izan dadin eta bost urte horietan ikasitakoa ahaztu ez dagizun.
Baina, zer egingo diogu! Horrelakoa da bizitza, esan zuen hark, eta injustiziaz betetako mundu honetan (begira ezazu zelan dagoen mundua: Afganistan, Palestina, Irak, Kolonbia, Kuba -barkatu, abuztuan izan nintzen eta ezin utzi aipatu barik- ...)gure Euskal Herri hau ere ez da salbuespena izango. Denoi egokitu zaigu zelan edo halango zehar-kalteren bat jasatea, baina zeuk itxaron ezazu, eta eduki ezazu pazientzia eta eroapena, nire moduko «ikasle-kutsatzaileok» laster hartuko dugu-eta erretiroa.
Eutsi eta ez etsi, ekin eta jarrai. Sumindura (eta samindura) barik, agur epel bat.
Luis. Sestaoko udal euskaltegiko irakasle euskalfilologiabako euskañola
(eta bere atzaparrez ikasle-kutsatzailea).
Luis Astorkia Izagirre. Santurtzi.
OHARRA: Ipar Euskal Herrian gaurko deitua dagoen greba deialdiarekin bat egin dute BERRIAren Baionako ordezkaritzako kazetariek. Atzo egin zuten greba, gaurko mobilizazioen berri eman ahal izateko.