ZUZENDARIARI

Larunbat honetan, Burlatako hondartzan / Ez da nahikoa / Nola ikusten dudan

Josu Jimenez Maia. Juan Luis Mugertza. Aitor Goikoetxea.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun

Zuzendariari

Larunbat honetan, Burlatako hondartzan

Kirmen Uriberi irakurria diot. Koldo Izagirrek dioenez, itsas-portu batean sortua den orok olerkari izateko bide erdia eginda du. Horren haritik, Kirmen Uribek ondorioztatzen zuen lanari ekiteko, poesia idazteko, itsasoa eta fantasia baizik ez dira behar. Baina Nafarroan, itsasorik ezean, olerkari izatea, berez, zailagoa behar da izan. Itsaso falta ez da, gainera, Nafarroan olerkigintzaren zabalkundea eragozten duen baldintza bakarra.

Aspaldiku-ren azpian gordetzen da: «Asociación para la difusión de la cultura», poeta euskaldunak eta erdaldunak biltzen dituen elkarte xume bat, baina, bere xumean, urtero-urtero Nafar Poesiaren Biltzarra antolatzen duena eta, aldian behin, baita poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak ere. Oso diru-laguntza urrirekin, urtez urte antolatu den Nafar Poesiaren biltzarretan izan dira, besteak beste, Jesus Munarriz eta Auxtin Zamora, Lucien Etxezaharreta eta Maram al-Masri, Angel Erro eta Jose Luis Alvarez, Miren Agur Meabe eta Ana Rosetti.

Heldu den larunbatean, hilaren 25ean, Burlatako kultur etxean dugu hitzordua Nafar Poesiaren aurtengo biltzarra ospatzeko, eta bertan Tere Irastorza izanen dugu euskal olerkari gonbidatua eta Manuel Vilas erdal olerkari gonbidatua. Goizean, hasierako hitzaldiak eta gero, bi tailer ere eginen dira: euskarazkoa, «Sorkuntza literarioa auzolanean», Tere Irastorzaren beraren eskutik. Zinez interesgarria. Bazkari legea egin eta gero, arratsaldeko 16:30etatik aitzina, errezitaldia izanen da Burlatako Udal Jauregian eta zabalik egonen da parte hartu nahi duen poeta ororentzat. Aurtengoan, jadanik gurekin tamalez ez dauden bi lagun, Joxemiel Bidador eta Karmele Igartua, izanen ditugu bereziki gogoan.

Kirmen Uriberekin hasi eta Kirmen Uriberekin bukatu nahi dut idazki hau. Idazle ondarrutarrak biltzen du Portukoplak izeneko liburuan Eugenio Andrade poeta portugaldarraren aipu bat Oinatzak hondarrean epigrafe pean: «Poesiak maite du udako hondartzetatik paseatzea». Nafarroako ur prosaiko beltzetan, urtean behin gutxienez biltzen gara Nafar Poesiaren Biltzarra izeneko hondartzan. Larunbat honetan, Burlatako hondartzan izanen gara.

Josu Jimenez Maia. Idazlea.

Ez da nahikoa

Politikari batzuk oso zorrotzak dira; zorrotzegiak, askotan. Oso maila handia eskatzen dute azterketa gainditzeko, egoera berriak aurrera egiteko. Denak dira trabak. Denak dira oztopoak. Jantxakur ugari dago sukaldean horrelako komunikatuek asetzeko, sukalde lana egiteko. Garbi dago: ez daude prest tregoarik emateko, egoera berriari bultzakada emateko. Behin baino gehiagotan gogorarazi digute komunikabideetan: «Ez da nahikoa».

Horregatik, oraingoan ere, inoiz ez bezala saiatuko gara ariketak txukun egiten, kanpokoei laguntza eskatzen, eta egoera berriaren gai-ordena zehazten: eskola zaharreko politikari hauek edozein aitzakia erabiliko baitute «ez da nahikoa» esateko, ikasturtea berriro errepikarazteko. Eta gu, dagoeneko, nekatuta gaude betiko leloa entzuten. Gainera, ez gara fio; zer edo zer asmatuko dute, zer edo zer egingo dute sufrimendua luzatzeko. Pausoa okerra ez bada, hitza izango da. Bai, horretan trebeak dira, iaioak. Eta bertakoak ez dira hobeak.

Juan Luis Mugertza. Berango.

Nola ikusten dudan

Borroka armatua zaharkitu den estrategia da. Lortu dituenak edo ez dituenak aurrerantzean ez ditu lortuko bide horretatik. Gainera, beste aldeari ez dio axola jada ETAk borroka armatuarekin egin dezakeena -onartutako balizko galerak dira beretzat-, eta erabilgarri zaio euskal herri eraikuntza suntsitzeko alibi gisa.

Ilegalizazioak ondorio gogorrak ditu; mapa politikoa zeharo itxuraldatzeaz gain, herri eraikuntzarako indar handi bat desagerrarazi du, eta milaka herritarren borondatea bahitu.

Ondorioetan, kulturara joko dut soilik; hutsaren hurrengo da euskal kultura. Ekoizpenaz ez naiz ari, ekoizten da, ia inoiz baino gehiago edo antzera. Oihartzunaz ari naiz, hedaduraz, irismenaz; errazago esango dut: kontsumoaz.

Aitor Goikoetxea. Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.